ugatz 1

iz. Ugaztun emeen guruin esne-jariatzailea.
Ugatzak azaleko guruinak dira eta emeengan soilik garatzen dira erabat, arrengan atrofiaturik dauden bitartean. Haurdunaldian hormonek ugatz-guruinak aktibatu egiten dituzte eta erditakoan baino ez dute esnea jariatzen emeen ugatzek. Ugatz bakoitzari titipunta irteten zaio (monotrematuetan izan ezik) eta berau areola-itxurako zirkulu pigmentatuak inguratzen du. Ugatz-kopurua erditzeko ume-kopuruaren araberakoa da, baina bikoitiak eta simetrikoak dira beti. Giza espeziean, primateetan eta sirenioetan bularraldean daude kokatuta, karniboroetan sabelaldean eta ekido eta hausnarkarietan izterrondoan. Emakumeek esferaerdi-formako bi ugatz dituzte; 15-20 guruin independentez osatuta daude eta horietan edoskitze-garaian esnea titipuntaraino eramaten duten hodi galaktoforoak daude.
Gaixotasunei dagokienean, hanturak (infekzio-jatorriko mastitisa), tumoreak (onberak zein gaiztoak) eta malformazioak (aplasia, ugatz-kopuru handiagoa, hipertrofia, ptosia) gerta daitezke.




Atzera