burdinola
iz. Burdin minerala landu eta burdina lortzen zen antzinako lantegia.
Burdin minerala, egurra eta ura ugari duen Euskal Herrian (batez ere isurialde atlantikoan ) burdina lantzeko usadioa antzinatik dator eta garrantzi handiko industria izan da bertako ekonomian. Hasiera batean burdinolak (haizeolak) mendian izaten ziren, baina XIV. mendean uraren indarraz baliatzen hasi eta olagizonak ibai ertzetara jaitsi ziren. Bi burdinola-mota bereizten ziren: handiak edo zeharrolak (12-15 arroako totxoak urtzekoak) eta txikiak edo tiraderak (5 arroa ingurukoak urtzekoak). Euskal burdinolek XVI. mendean izan zuten garairik oparoena (armada espainolaren beharrek, Ameriketako koloniek, ontzigintzak, etab.ek eraginda), baina XVII. mendetik aurrera gainbehera etorri ziren, ingeles eta suediarren aurrerapen teknologiko eta garapen ekonomikoak bultzatuta. Hala ere XIX. mendera arte iraun zuten.
Burdina ez da egoera puruan egoten, oxido moduan baizik eta desoxidatu egin behar da. Horretarako erabiltzen da egurrikatza: egurrikatzak batez ere karbonoa duelako eta karbonoak oso ongi erreakzionatzen duelako oxigenoarekin. Burdina eta biak erretzean karbono(IV) oxidoa lortzen da.
Urtegi batean dagoen ura ubidean ekarri eta gurpil hidrauliko baten edo batzuen gainera isurtzen da. Gurpil hauen higidura zirkularra gabi eta hauspoetaraino eraman ardatzaren bidez eta, ardatzak berak duen hortz koroarekin, higidura hori, gabiak eta hauspoek behar duten goitik beherako higidura bihurtzen da. Oletako labe edo sutegietan burdin minerala desoxidatzeko tenperatura handia behar da, eta horretarako, sutegian haizea behar da franko egurrikatza lehenbailehen erretzeko. Normalean bi hauspo izaten ziren; bata puztu ahala bestea husten zirela, etengabe sua indartzen zutenak. Labea edo sutegian egurrikatza eta burdin minerala biak batera sartzen ziren. Hauspoen indarrarekin ikatza erre eta prozesuaren bukaeran zepa eta agoa ateratzen ziren; lehenengoa botatzeko eta bigarrena lantzeko. Azkenik, gabitegian gabiaz agoa jotzen zen, nahi zen forma eman eta zepa-zatiak apartatzea lortzen zelarik.
Atzera