erditze

iz. Erdi aditzaren ekintza eta horren ondorioa. Erditze naturala, gidatua, bakuna, anizkoitza. • erditze psikoprofilaktiko edo minik gabeko erditze. Haurdunaldiaren azken fasean erdiminak baretzearren eta erditze-lanean erlaxazio maximoa lortzearren ariketa bereziez lagundutakoa. || garaiz aurreko erditze. Haurdunaldiaren 180. egunetik aurrera eta 270. eguna baino lehen gertatutakoa.
Erditzea amaren sabeletik fetu bideragarri baten eta honen anexuen irteera ahalbidetzen duten fenomeno fisiologikoen multzoa da.
Prozesuan gertatzen diren umetokiko uzkurdurek adierazten dute ama haurraz erditzear dela. Giza espeziean, haurdunaldiaren bederatzigarren hilabetearen bukaera aldera emakumea sabeleko mina sentitzen hasten da, baina erditzeko benetako oinazeak gerrialdean agertzen dira eta biziago eta erregularragoak dira. Oinazeak bost edo hamar minutuero gertatzen direnean, emakumeak medikuarengana jo behar du, erditzear aurkitzen den seinalea baita.
Hiru fase ditu erditzeak: umetoki-lepoaren zabalkuntzarekin hasten da (faserik luzeena), haurra kanporatzen da ondoren eta, azkenik, haurrondokoa botatzen da. Dilatazio-aldian, gehien irauten duen horretan, umetokiaren lepoak zabaldu egin behar du fetuaren buruak igarotzeko lekua izan dezan. Ur-poltsa hausten denean, fetuaren burua pelbisean kokatzen da eta presioa egiten du ondestean eta inguruko nerbioetan, eta horrek sabeleko muskuluen uzkurdura eragiten du. Hemen hasten da egozpen-aldia, eta amaren partehartze aktiboa eskatzen du, harik eta haurraren burua kanpora irten arte. Une horretan anestesiko arin bat aplika dakioke amari. Haurraren gorputz osoa kanporatu ondoren haurrondokoa botatzearen aldiari hasiera ematen zaio eta, odol pixka batekin batera, zilborresteari lotuta doazen karena eta mintz fetalak botatzen dira. Segidan umetokia uzkurtzen hasten da eta batzuetan hain modu bortitzean, non ama berriak erditze ondoko minak jasan behar izaten baititu. Lehenbizikoz erditzen diren emakumeen erditze-denbora 20 bat ordukoa izaten da; hurrengo aldietan, ordea, askoz denbora laburragoak dira. Batzuk laburregiak gainera, erditze lasterrak deiturikoetan gertatzen den bezala.
Erditze gehienak arazorik gabe gertatzen badira ere, batzuetan konplikazioak sor daitezke. Esate baterako, umetokia behar hainbateko indarrez uzkurtzen ez denean; orduan, beharrezkoa da botika hormonal jakin batzuk ematea edota forzepsa edo bentosa erauzlea erabiltzea. Beste konplikazio bat sortzen da, fetua umetokian jarrera anomaloan kokatzen denean, zeharka edo ipurmasailak aurrean dituela, baina hau normalean dilatazio-aldian konpontzen da. Hala ere, batzuetan kirurgia behar izaten da, zesarea izenez ezagutzen den ebakuntza. Medikuntza modernoari esker, heriotza-tasa perinatala oso txikia da herrialde garatuetan.




Atzera