etologia
iz. BIOL. Animali espezieek beren ingurunean duten portaera aztertzen duen biologiaren atala.
Geoffroy Saint-Hilairek erabili zuen lehen aldiz XIX. mendean etologia kontzeptua, baina gaur egun ekologiaz ezagutzen dena adierazteko. Animalien portaera aztertu eta azalduz emaniko lehenengo teoria biologikoak XVIII. mendekoak dira; Lamarck-ek hiru erreakzio-maila bereizi zituen: organismoaren kitzikadura-maila, sentiberatasun-maila eta erreflexuzko ekintza. XIX. mendearen amaieran hasi ziren animalien portaerak zehazki deskribatzen: J.H. Fabre (1823-1915), O. Heinroth (1871-1945), G. Peckam (1845-1914). Eskola mekanizista europarrari -J. Loeb (1859-1924), H.S. Jenning (18687), I.P. Pavlov- aurre eginez eskola behaviorista estatubatuarra -J. B. Watson, E. L. Thorndike- sortu zen; 1930ean, berriz, eskola objektibistak -K. Lorenz, N. Tinbergen, G.P. Baerends- hartu zuen besteen lekua. Eskola honek senen hierarkia ezarri eta portaeraren muina sortzetiko mekanismoak direla azpimarratu zuen, baina portaeraren izaera sortzetikoa eta eskuratuarekin topo egin zuen. Eskola horri kontrajarririk eskola epigenetikoa sortu zen 1960.eko hamarkadan; beronen ustez genetikak, garapen-mailak eta norberaren bizi-esperientziek zerikusia dute portaeran.
Etologiak izaki bizidunek (batez ere animaliek) bere ingurunearekin duten harremana aztertzen du batik bat; adibidez, eraso baten aurrean hartzen duen jarrera edota zergatik, noiz eta nola erasotzen duen. Ikerketa etologikoak izakia bere ingurune naturalean aztertzea aurreikusten du, baina laboratorioetan faktoreak kontrolatuz egoera esperimentalak aztertzen dira.
Lehen urteetan ikerketa etologikoak animalien portaera aztertzera mugatu ziren, baina 1970.az geroztik giza portaerak ere aztertzen ditu. Gaur egun bi ikerketa-lerro jarraitzen dira giza etologian: haurren portaera (sorrera, egituraketa, garapena) eta giza komunikazioaren -batez ere hitzezkoa ez den komunikazioaren- prozesuen analisia.
Atzera