gipuzkera

iz. Gipuzkoako erdialdean eta Nafarroako Sakanan hitz egiten den euskalkia.
Gipuzkoako erdialdeko ia lurralde osoa hartzen duen arren, probintziaren ertzetako bi zatietan ez da gipuzkera hitz egiten: Debako arroan bizkaiera mintzatzen da eta Oiartzun ibaitik ekialderanzko lurretan zehar goi-nafarrera hedatzen da. Gipuzkoatik kanpo, Nafarroako Sakana inguruetan ere (Olazti, Altsasu, Etxarri-Aranatz, etab.) hitz egiten da.
Gipuzkeraren barneko hizkerak kontuan hartzen baditugu, L. L. Bonaparte printzeak egindako laugarren eta azken sailkapenari (1869) jarraituz, hiru azpieuskalki bereiziko ditugu, eta bertan sei hizkera: Iparraldeko azpieuskalkia, Azpeitia, Hernani eta Tolosako hizkerek osatzen dutena; hegoaldeko azpieuskalkia Zegamako (hau da, Goierriko) hizkerak eratua; eta Nafarroako azpieuskalkia, Burunda eta Etxarri-Aranazko hizkerek osatua. Dena dela, oso eztabaidatuak izan dira Bonapartek azaldutako iritzi hauek. Batzuei Nafarroakoa ez zaie gipuzkera iruditzen eta, batez ere aditza kontuan hartzen badugu, izatekotan goi-nafarrera dela diote (Bonapartek berak ere izan zituen puntu honi buruzko zalantzak). Azkuek Elgoibar eta Altzolako euskarak ere gipuzkeratzat jo zituen, bizkaiera ez zirela esanez, eta bi horiekin batera Mendaro, Mutriku, Deba eta Astigarribia hartuko lituzkeen laugarren hizkera bat bereizi zuen iparraldeko azpieuskalkian. Mitxelenarentzat, Errenteriako euskara goi-nafarrera da, ez gipuzkera.
XIX. mendearen azkenetik aurrera, halako prestigio edo itzal berezi bat aitortu zitzaion gipuzkerari euskal kultura eta komunikazioaren munduan eta, gaur egun, euskalki hau da, lapurtera eta goinafarrarekin batera, euskara batua finkatzeko erabili den oinarri sendoenetariko bat. Izan ere, lotura estuak daude hiru euskalki hauen artean, antzekotasun handiena duen euskararen nolabaiteko erdigune edo muina eratuz.




Atzera