euskalki

iz. Euskararen dialektoetako bakoitza. Euskararen euskalkiak eta hizkerak.
Euskal ikerlariek antzinatik ikusi zuten bazegoela euskaraz hitz egiteko modu bat baino gehiago. A. Oihenart izan zen euskalkiak desberdintzen lehena, eta antzinako euskal tribuetan oinarrituz lau bereizi zituen: Bizkaikoa; Gipuzkoa eta Arabakoa; Nafarroakoa eta, azkenik, Iparraldekoa. Larramendik bi sailkapen egin zituen, lehenengoan hiru euskalki (bizkaiera, gipuzkera eta nafar-lapurtera) eta bigarrenean bost (bizkaiera, Arabakoa barne; gipuzkera; nafarrera; lapurtera, Nafarroa Beherekoa barne; eta zuberera) bereiziz. Edonola ere, euskalkiak sailkatzen aritutakoen artean garrantzitsuena L.L. Bonaparte dugu, dudarik gabe. Guztira lau sailkapen egin bazituen ere, interesgarriena eta gerora kontuan gehien hartu izan dena azkenekoa da, 1869koa alegia. Zortzi euskalki bereizi zituen: bizkaiera, gipuzkera, iparraldeko goi-nafarrera, hegoaldeko goi-nafarrera, lapurtera, mendebaldeko behe-nafarrera (aezkera barne), ekialdeko behe-nafarrera (zaraitzuera barne) eta zuberera (erronkariera barne). Horrekin batera, 25 azpieuskalki banatu zituen hauen barnean. Gaur egun zenbait puntu zalantzan jarri bada ere (aezkera eta zaraitzuera independentetzat jotzen dira, erronkariera zubereratik banatzen da, etab.), sailkapen hau oinarrizkoa izan da euskalkien ondorengo azterketetan; Azkuek berak, dialektologi lan garrantzitsua egin zuen arren, Erizkizundi Irukoitza, ez zuen sailkapen berririk egin, Bonaparterena onartu eta jarraitu baizik. Azken urteotan, ugaldu egin dira euskal dialektologia lantzen dituzten lanak, denen artean garrantzitsuena Euskaltzaindia egiten ari den Euskal Herriko Hizkuntz Atlasa izanik.




Atzera