kontserba
iz. Luzaroan irauteko prestaturiko janaria; bereziki, hermetikoki itxitako ontzi batean gordea. Kontserbako piperrak, ez freskoak.
Zenbait elikagai usteltze edo deskonposatzetik gordetzeko kontserba-metodo anitz erabiltzen da. Berez, kontserbazio hitza gauza askotarako erabiltzen da, kontserba hitza ordea, kontserbazio-metodo bat aplikatu zaien elikagaiei ematen zaie soilik. Elikadura-arloan kontserbatzeak duen helburua elikagaiak ustel eta hartzi ez daitezen lortzea da, elikatzeko balioa, zaporea, usaina eta kolorea galdu gabe. Bakterio, entzima eta bestelako mikroorganismoen eraginez nahiz oxidazioaren eraginez, elikagaiak honda daitezke. Prozesu suntsitzaile hauetako asko uraren bidez soilik gauza daitezke; horrenbestez, ura atera egin behar da kontserbatu nahi diren elikagaietatik. Leku askotan arraina, orein-haragia edo onddoak lehortzeko aire librean uzten dira. Industrialki ordea, aire beroaren eta hutsaren teknika erabiltzen dira. Gazitzea eta keztatzea ere antzina-antzinatik erabiltzen diren metodoak dira.
Bakterio eta entzimen eragina elikagaien berotze lasterraren bidez muga daiteke. Pasteurizazioaren bitartez bakterioak suntsitu eta elikagaien iraupena luzatu ahal izaten da; esterilizazioarekin mikrobioak akabatu eta entzimak neutralizatu egiten dira.
Izozteak, berriz, bakterioen jarduna mugatzen du, nahiz eta erabat geraraztea ez lortu; prozesu honek murriztu egiten du entzimen jarduna eta zahartzea atzeratzen du.
Atzera