kromosoma
iz. BIOL. Makila-itxura duten eta geneak daramatzaten zelularen nukleoko elementuetako bakoitza. • kromosoma sexual. Heterokromosoma.
Kromosomak zelula eukariotiko guztien nukleoetan agertzen diren hari-itxurako egiturak dira eta zentromeroak bi besotan banatzen ditu. Kromosomak kromatinaz osatuta daude eta mitosian, nukleoa zatitzen ari denean, soilik ikus daitezke mikroskopio optikoaren bidez, fase honetan ardatz gisa balio dion hari mehe baten inguruan kiribildua baitaude.
Kromosomek izakiaren geneak daramatzate eta hauek ezaugarri hereditario jakin baten agerpenaren eta transmisioaren erantzuleak dira.
Izaki bakoitzak kromosoma-kopuru jakina du (adibidez, arrozak eta garagarrak 14 kromosoma dituzte, igelek 26 eta txakurrek 52). Zelula somatiko edo arruntetan zelula bakoitzak bi kromosoma-sorta izaten ditu (kopuru diploidea). Gametoek edo zelula germinalek aldiz, kromosoma-sorta bakarra dute (kopuru haploidea). Gizakiak 23 kromosoma-pare izaten ditu: autosoma izeneko 22 pare eta alosoma edo sexu-kromosomak izenekoak (gizonezkoak X eta Y kromosoma desberdinak, eta emakumezkoak X eta X kromosoma berdinak).
Atzera