loza

iz. 1. Material porodunez eginiko zeramika, geruza garden, opako edota beirazko batez bernizatuta dagoena. 2. Material honekin eginiko baxera, toska.
Loza fabrikatzeko teknika Ekialde Hurbilean sortu zen K.a. III. milurtekoaren inguruan. Lehen bernizak kuartzo, sosa eta potasaz eginda zeuden eta, geroago, kolore-gama zabalagoa lortzeko zenbait osagai metalikoren (beruna eta eztainua kasu) egokitasuna ikusi zen. Loza esmalteduna asko zabaldu zen Egipto eta Fenizian; aitzitik eskualde helenikoetan ia ezezaguna zen.
Ekialde Urrunera Han dinastiaren garaian iritsi zen (K.a. 206 - K.o. 221), eta Tang dinastian hobetuz joan zen (618-907). Portzelanarekin lehian aritu behar izateak -jadanik IX. m.an esportatzen baitzen- lozaren kalitatea areagotu egin zuen.
Europari dagokionez, Iberiar penitsulako arabiarrak -tradizio persiar eta mesopotamiarra jaso zutenak- izan ziren loza ekoiztu zuten lehenak (X. m.). XIV. m.an, Mallorcatik Italiara esportatu zen. XV. m.an Florentzia, Siena, Faenza eta Orvieton-en zeramikagintza finkatu zen eta denborarekin forma, dekorazioa eta teknika hobetu zituzten. XVI. m.tik aurrera Frantziako hainbat hiritan loza dekoratua hasi ziren ekoizten: Nevers, Rouen eta Moustiers. XVII. eta XVIII. m.etan Indietako Konpainiak Txinako portzelana inportatzeak exotismoarekiko grina piztu zuen eta, honela, motibo txinatarrez apaindutako lozak egiten hasi ziren: Delft hirian, besteak beste.




Atzera