nortasun

iz. 1. Gizabanako bakoitzaren izaera eratzen duten ezaugarrien multzoa. 2. Pertsona bat besteengandik nolabait bereizten duten eta halako mailan nabarmen izatea dakarten ezaugarrien multzoa. 3. (hed.) Zerbaiten izaera eratzen duten ezaugarrien multzoa. 4. PSIKOL. Gizabanakoaren jokabidea oinarri gisa erabiliz eta bere funtzionamendu psikikoa azaldu ahal izateko psikologoek egindako kontzeptu teorikoa. 5. ZUZ. Jaiotzatik heriotzara bitartean eskubide eta obligazioen tituludun izateko gaitasuna duen izaki ororen izaera. Izaki hauek naturalak (pertsona fisikoak) edo legezkoak (pertsona juridikoak) izan daitezke. 6. Ik. identitate. • nortasun-agiri. Daramanaren benetako identitatea ziurtatu ahal izateko balio duen txartel edo agiria.
PSIKOL. Pertsona baten portaeratik inferitzen diren ezaugarriak bere nortasun-bereizgarriak dira. Inferentzia hauek funtzionamendu psikikoari buruzko kontzepzio teorikoen arabera egiten dira. Egungo eredurik erabiliena teoria psikoanalitikotik eratorritakoa da; honen arabera nortasuna bizitzaren lehen urteetan mamitzen da. Ikuspuntu honetatik nortasun-mota bat definitzeko erabiltzen diren nozioak defentsa-mekanismoari, objektuarekiko erlazioari eta prozesu primario eta sekundarioei buruzkoak izan ohi dira.
Nortasun-bereizgarrien nozioak adierazten du badirela nortasuna mamitzen duten ezaugarri egonkorragoak, unean uneko portaeraz gain. Ondorioz, nortasuna bereizgarri hauen egituraketa edo antolaketa dinamiko gisa defini daiteke. Zenbait gertaerek izaera alda dezaketela onartzen den arren, aldaketa hauek oso txikiak izan ohi dira. Nortasunaren azterketa zientifikoa proiekzio-tekniken bitartez garatu da batik bat. Tipologiak nortasun-bereizgarriek izaera hereditarioa dutela uste badu ere, konduktismoan edo kultur antropologian oinarritutako teoriek heziketak eta sozializazioak bereizgarri hauek mamitzerakoan duten eraginaz ohartarazten dute.




Atzera