notazio
iz. Hainbat zientzia edo artetan erabiltzen den idazkera edo zeinu-sistema. Musika-notazioa. Kimikako notazioa.
MUS. Notazioa, musika-idazketa modernoan, bost lerroko paper batean ipinitako irudien bitartez egiten da, altuerak notaren tonua adierazten duela, irudiaren nolakoak notaren iraupena, eta hasieran ikur edo giltza bat duela, noten altuera melodikoa baldintzatuz. Idazketa honek beste irudi- edo zeinu-mordoa dauka, musikaren hainbat ezaugarri adierazteko: abiadura, isiluneak, loturak, bemolak, sostenituak, etab. Notazio honen oinarria XVII. m.ko lehen erditik dator. Antzinako notazio grekoa bi eratakoa zen, bata musika instrumentalarentzat eta bestea musika bokalarentzat. Kantu kristauak tilde gramatikalaren antzeko zeinuak hartu zituen noten gorabeherak adierazteko, notazio pneumatikoa esan izan zaiona. X. m.tik aurrera notazio distematikoa (zeinu horiek eta alfabetoko letrak konbinaturik) erabili zen, noten arteko altuera zehazkiago emateko eta XI. m.an ezarri ziren lerroak, Guido Arezzokoa kolore desberdineko lau lerro erabiltzen hasi zenean. Inprentaren sorrerak asko lagundu zuen notazio bateratu eta unibertsal bat erabili zedin.
Atzera