semitiko
1. izond. Semitei dagokiena. 2. iz. eta izond. Afrikako iparraldean eta Ekialde Hurbilean hitz egiten den hizkuntz taldea.
Hizkuntza semitikoak familia kamitosemitikoko talde nagusia dira. Familia honetako beste hizkuntzak edo taldeak desagertu egin dira (egiptoera) edo murriztu (berbere taldea) edo hiztun gutxikoak izanik hagitz isolaturik gelditu dira (hizkuntza kusitak eta txadarra). Semitikoak oso bestelako zoria izan du; egun duen hedadura garai batean hizkuntza kamitosemitiko guztiek batera zeukatena da ia: Ekialde Hurbila eta Afrikako iparraldea, hemen arabiera, maiz, bitarteko hizkuntza baino ez baita. Semitikoa hiru taldetan bereizi izan da: ekialdekoa, aro kristauaren hasieran desagertutako akaderaz osatua; iparmendebaldekoa, ugaritera, feniziera, moabera, hebreera (I. milurtean mintzo zela frogatua) eta aramera bere baitan hartzen dituena; eta hegomendebaldekoa, arabiera eta Etiopiako hizkuntzak (amharera) biltzen dituena. Giza zibilizazioan garrantzi handikoak izan dira hizkuntza semitiko batzuk, hebreera judaismoaren euskarri izan da eta arabiera islamismoaren zabaltzaile. Beste alde batetik, semitikoa da historikoki zabalenen azter litekeen hizkuntz multzoa, aztarnarik zaharrenak K.a. III. milurtekoan kokatzen baitira. Garai honetan, gainera, semitikoa oso urrundua ageri da egiptoeratik, eta honenbestez, adituek ondorioztatzen dute semitikoa atzerago kokatu behar dela, K.a. V. milurtekoan ausaz. Fonetika-mailan, hizkuntza semitikoek bokal-sistema xumea eta egonkorra dute, lau edo bost bokalekin, eta oso kontsonante-sistema aberatsa. Idazkerak berak ere kontsonanteen nagusitasuna ageri du, bokalak ez baitira idazten, tileten bidez adierazten baizik.
Atzera