toxikomania

iz. Menpekotasuna sortzen duten substantziak kontsumitzeko behar psikiko edo fisikoa. Alkohol-toxikomania.
Toxikomaniak oinarrizko ezaugarri hauek dituela esan daiteke: toxikomanoari droga eskuratu eta kontsumitzera bultzatzen duen ohitura hartzea, substantziarekiko sortzen den menpekotasuna -menpekotasun psikikoaz gain fisikoa ere izaten da askotan- eta hasieran droga-kantitate txikiagoez zeukan efektua lortzeko gero eta dosi handiagoak behar izatea.
Toxikomania sortzen duten drogak era askotara sailka daitezke. EEBBetan hiru taldetan banatu ohi dituzte: narkotikoak (heroina, kokaina, marihuana eta LSD), droga arriskutsuak (anfetaminak) eta alkohola eta tabakoa.
Drogak, bestetik, depresiboak edo estimulatzaileak izan daitezke. Droga depresiboek nerbio-sistema osoan edo zatiren batean jarduera kimiko eta elektrikoaren maila jaitsi egiten dute (alkoholak eta lasaigarriek, adibidez). Estimulatzaileek, berriz, jarduera hori areagotu egiten dute (kafeina, kokaina, anfetaminak, nikotina...). Bestalde, droga haluzinogenoek haluzinazioak eta ametsak sortarazten dituzte (LSDren kasuan eraginak 6-18 ordutan irauten du).
Droga batzuk hartzen hasitakoan atsegina, minik eza, sentsazioen distortsioa (opiotik eratorritako drogetan), buruko argitasuna (kokainarekin, adibidez), haluzinazioak (marihuanarekin), etab. sentitzen da. Denbora igaro ahala, ordea, pertsonak gero eta dosi handiagoak behar izaten ditu eta drogen menpeko esklabo bihurtzen da, droga hartzeari uzten dionean oso sintoma desatseginak izaten baititu.




Atzera