Ekuatore Ginea

(República de Guinea Ecuatorial). Afrikako M-ko estatua, Gineako golkoan. Bi lurraldez osatua: kontinentala eta uharteak. Kontinenteko lurraldea, Mbini (lehengo Rio Muni), honako mugak ditu: I-an Kamerun; E-an eta H-an Gabon; M-an Ozeano Atlantikoa. Kostalde zelaia du eta barnealdean mendiak. Ibai nagusia Mbini da eta estuario zabala eratzen du bokalean. Uharte nagusia, Bioko (lehen Fernando Poo) bolkanikoa eta menditsua da; lurrak oso emankorrak dira eta bertan aurkitzen da estatuko hiriburua ere. Pagalu (lehen Annobon), urrutien dagoen uhartea da. Klima ekuatoriala da. Kakaoa, kafea eta banana. Mbiniko baso aberatsen ustiapena.

Historia. 1471: portugesek Fernando Poo eta Annabon uharteak aurkitu eta beretzat aldarrikatu zituzten. 1778an, bi uharteak Espainiari eman zizkioten eta Niger eta Ogoue ibaien artean merkataritza-harremanen eskubidea aitortu. Espainiak britainiarren esku utzi zuen Port Clarence (gero Santa Isabel). 1900: Parisko Itunaren bitartez koloniaren mugak ezarri ziren, eta Espainia, Gerra Zibilaren ondorengo urteetan hasi zen lurralde kontinentala ustiatzen. 1959: lurraldea bi prob.tan banatu zen (Rio Muni eta Fernando Poo), eta espainolen eskubide berak aitortu zitzaizkien bertakoei. 1963an autonomia lortu zuen eta 1968an independentzia. Francisco Macías Nguema lehendakariak erregimen diktatorial eta zapaltzailea ezarri zuen. 1979: Obiang Nguemak estatu-kolpea jo zuen. Kontseilu Militar batek agindu zuen. 1982: konstituzio berria onartu zen erreferendumean. Garai horretan Maciasi heriotza-zigorra ezarri zion Kontseilu Militarrak. 1991: erreferendumean onartutako konstituzio berriak ofizialki aniztasuna aldarrikatu arren, ia alderdi guztiak legez kanpo gelditu ziren, eskatutako baldintza izugarriengatik. 1993: hauteskunde orokorretan, erroldatutakoen % 20k besterik ez zuen bozkatu, alderdi politiko gehienak debekatu egin zituztelako; Obiang Nguema lehendakari hautatua izan zen. 1996: hauteskundeetan beste 7 urterako hautatu zuten berriro.




Atzera