Karlistada

Espainia eta Nafarroako errege Fernando VII.a hildakoan (1833), bere anaia Don Karlos Borboikoa Molinako kondeak eta ondoren beronen biloba Don Karlos Madrilgo dukeak, Isabel II.ari eta beronen seme eta ondorengo Alfontso XII.ari zegokion ondorengotza-eskubidea lortzearren eginiko gerren izena. Euskal Herrian batez ere bi izan ziren (1833-39 eta 1872-76). Kristinatarren eta Don Karlosen aldeko jarrerek gatazka piztu zuten; hauen azpian gizarte desberdinen aldeko jarrera ere bazegoen: tradizioaren eta aurrerapenaren aldekoena, alegia. Kristinatarrek infantaren eta beronen jarraitzaileen inguruan alderdi moderatu bat sortzeko beharra ikusi zuten. 1823az geroztik politikatik kanpo zeuden liberalen laguntza lortzeaz gain, kontserbadoreak, moderatuak eta progresistak ere bildu zituzten. Talde heterogeneoa zen: Frantzia, Ingalaterra, Espainia eta Portugalek osatutako 1834ko Aliantza Laukoitzaren armadaren laguntza izan zuten. Karlisten taldea homogeneoagoa zen; erregetiar eta nekazariez osatuta zegoen batik bat, eta Austria, Prusia, Errusia eta Napoliren laguntza morala zuen. Hego Euskal Herria karlismoaren gune garrantzitsua izan zen. Karlistadek ondorengotza-eskubideak argitzeaz aparte, arazo ideologikoak azaleratu zituzten. Karlistak foruen, tradizioaren eta erlijioaren babesle ziren, liberalak estatu-zentralismoaren aurrerapenaren alde zeuden bitartean.



Atzera