Nigeria
(Federal Republic of Nigeria). Afrikako M-ko estatua. Mugak: I-an Niger; M-an Benin; E-an Txad eta Kamerun; H-an Gineako golkoa. Niger ibaiak eta beronen adar den Benue ibaiak zeharkatzen dute lurraldea. Afrikako lurralde populatuena da. Populazioa oso heterogenoa da. Etnia bakoitzak bere hizkuntza, kultura eta ohitura-zuzenbidea ditu. Populazioa oso azkar hazten ari da, batez ere independentzia lortu zuenetik. Ekonomiaren oinarriak petrolioa (esportazioen % 90) eta nekazaritza (kakaoa eta kautxua) dira.
Historia. VII-XI. m.: hausa herria egokitu zen I-an eta yoruba herria HM-an. XI-XVI. m.: I-an erresumak antolatu ziren eta laster islamdartu ziren. Aurreratuena Kanem erresuma izan zen (XIV. m.an lortu zuen goren maila) eta Kanem-Bornu ondoren (XVI. m.). H-an, Oyo eta Beningo erresumen kultur eta erlijio-gune bilakatu zen Ife hiria. 1472: portugesak iritsi ziren Beningo itsasertzera. 1553: ingelesek egotzi portugesak lurralde hartatik eta eskualdeko beltz-trafikoaren monopolioa bereganatu zuten. 1851: britainiarrek Lagos hartu zuten. 1879: United African Company, gerora Royal Niger Company izango zena, sortu zen. 1900: Nigeria Erresuma Batuko kolonietarako ministerioaren menpera igaro zen. Nazionalismo nigeriarra 1945ean hasi zen gorpuzten, iboen artean nagusiki, yorubak kontserbadoreagoak baitziren. 1951: ordezkari-gobernua ezartzen zuen konstituzioa onartu zen. 1954: konstituzio federala aldarrikatu zen (hiru estaturen federazioa). 1960: Nigeriak independentzia lortu zuen. 1966: etnien arteko liskarrak piztu ziren, ibo eta gainerako herrien artekoek nagusiki, ibo herriko Ironsi jeneralaren estatu-kolpea eragin zutenak; hilabete batzuk geroago hil egin zuten. Ibo herriaren aurkako borroka odoltsuek Biafrako eskualdearen sezesioa eragin zuten, Ojukwu jeneralaren agindupean. 1967: gerra zibila hasi zen. 1970: Biafrako errepublikak kapitulatu egin zuen. 1979: Shehu Shagariren lehendakaritzapeko gobernu zibila ezarri zen. 1983: gobernu zibila ez zela gauza ustelkeria eta krisi ekonomikoa konpontzeko salatu eta, Mohammed Buhari jenerala buru zela, militarrek hartu zuten boterea. 1985: Ibrahim Babangida jeneralak Buhari agintetik kendu zuen. 1993: Babangidak dimititu eta Sani Abacha jeneralak hartu zuen agintea. 1995: NBEk eta nazioarteko komunitateak zigorrak ezarri zizkion Nigeriari oposizioko buruak hurkamendira eraman zituenean. 1996: demokraziarako trantsizio politikoa hasi hasi zen.
Atzera