airegarraiatu
izond. MIL. Airez garraiatu ondoren, lurrean jausgailu edo lurrartzearen bidez uzten den pertsona edo objektuaz esaten da. Tropa airegarraiatua.
Tropa eta material militarraren airezko garraioa 1920.eko hamarkadan hasi zen. 1936an, Espainiako Gerra Zibilean, lehenengo aldiz erabili ziren hegazkinak tropak garraiatzeko. Berehala sortu ziren lehen unitate militar bereziak armada nagusietan. Italiar armadak ere erabili zituen 1939an Albanian. Bigarren Mundu-Gerran Alemaniako armada, Wehrmacht, hasi zen jauskari-erregimentuak erabiltzen Norvegia, Danimarka eta Belgikan 1940an eta batez ere Kretan 1941ean. Hauxe izan zen eskala handiko lehen operazio airegarraiatua. Aliatuek dibisio airegarraiatuak erabili zituzten 1943an Sizilian eta Normandian eta Birmanian 1944an. Bigarren Mundu-Gerraz geroztik Frantziak Indotxinan eta Argelian erabili zituen. Orduan hasi zen helikopteroa erabiltzen unitate txikiak garraiatzeko. Vietnamgo gerran helikopteroek garrantzi handia hartu zuten tropak garraiatu eta lurreko helburuei erasotzeko. 1970.eko hamarkadan distantzia luzetara azkar garraiatu ahal izateko unitate "azkarrak" sortu ziren munduko estatu nagusietako armadetan.
Atzera