animazio

iz. ZIN. Mugimendurik ez duten izaki edo marrazkiei mugimendua ezartzeko erabiltzen den teknika zinematografikoa.
Animazioa erabiliz eginiko zineak abiaburua XIX. mendea baino lehenago badu ere, fotografia garatu zenarekin batera sortu zen benetako animazio-zinea. Émile Reynaud zinegile frantsesa hartzen da animazio-zinearen (edota marrazki bizidunen) benetako aitzindaritzat. 1892an, eskuz eginiko eta pantaila batean proiektatutako marrazkiak aurkeztu zituen Parisen. Zinematografoaren asmakuntzarekin atzera gelditu ziren, ordea, Reynaud-en aurrerapenak. 1910-20 bitartean baliabide teknikoek aurrera egin zuten eta J. Rudolph Bray-k marrazki bizidunak egiteko sozietate garrantzitsu bat sortu zuenetik aurrerapauso handia eman zen. Pat Sullivan-en Félix katua izan zen arrakasta lortu zuen marrazki bizidunen lehenengo seriea (1919). Frantzian abangoardiako artistak hasi ziren zine animatua egiten, baina marrazki bizidunen mundua benetan ulertu eta garatu zuena EEBBetako Walt Disney izan zen; 1926an Oswald, the lucky rabitt sortu zuen eta ondoren Mickey Mouse izeneko pertsonaia. 1932an kolorearen erabilerarekin animazioa asko hedatu zen. Urte horretan Walt Disneyk lehenengo Oscarra lortu zuen. Ondorengo urteetan film asko egin zituen; guztiak errealistak ziren, natura eta animaliak zituen oinarri (Edurnezuri eta zazpi Epotxak, 1937). Fleischer anaiak (Betty Boop eta Popeie marinela pertsonaien sortzaileak), William Hanna eta Joseph Barbera (Tom eta Jerry pertsonaien sortzaileak) eta Walter Lantz (Txori Zoroa pertsonaiaren sortzailea) izan ezik Walt Disneyk ez zuen konpetentziarik izan urtetan.
Baina animazioa ez da marrazki bizidunak erabiltzera soilik mugatzen; hori zela eta hainbat ikerketa egin zen, bai Europan baita Iparramerikan ere, eta Bigarren Mundu-Gerraren ondoren animazio-alorrean aldaketa sakonak eman ziren. Teknika berriak ikertu eta garatu dira: pelikularen gainean zuzenean marraztea, erliebe estereoskopikodun filmak egitea, giza irudien, objektuen eta zifren imajinaz lortutako animazioa, abstrakzio geometrikoak, marioneten erabilera, marrazki bizidunen sorrerarako edota animaziorako ordenadoreaz baliatzea, etab. Film esperimentaletik film industrialetarainoko bidea urratu du animazio-zineak. Euskal Herriari dagokionez, animazio-zineak (edota marrazki bizidunek) ez dute ia tradiziorik; aipa litezkeen pelikula bakarrak Jaizkibel taldeak eginiko Fernando Amezketarra, Kukubiltxo eta Kalabaza Tripontzia filmak dira.




Atzera