antibiotiko

iz. eta izond. MED. Sintesi bidez lortutako edo izaki bizidunek sortutako substantzia kimikoa, zenbait mikroorganismo patogeno hiltzeko edo hauen garapena geldiarazteko gai dena.
Antibiotikoak lurzoruan naturalki bakterioek eta onddoek askatzen badituzte ere, ez ziren 1941ean penizilina asmatu arte munduan zehar ezagutarazi. Ordudanik bakterioengatiko infekzioen tratamenduan eragin ikaragarria izan dute bai pertsonengan eta bai bestelako animaliengan ere.
1928an Alexander Fleming-ek Penicillium notatum lizunetik atera zuen lehen antibiotikoa, bakterioek sortutako gaixotasun infekziosoak tratatzeko erabiltzen dena.
Antibiotikoak organismo bizidun desberdinek sortarazten dituzte, baina bereziki behe-mailako onddoek eta bakterio batzuek. Asko eta asko isolatu dira eta beste asko sintesi bidez lortu dira. Substantzia hauetako bakoitzak selektiboki eragiten dio germen-talde bati (jarduera-espektroa). Posible da bakterio batek zenbait antibiotikoren aurrean duen sentikortasuna neurtzea (antibiogramak), horrela gaixotasun infekziosoekiko tratamendua bideratu ahal izateko.
Antibiotiko erdisintetiko batzuk ahotik hartu badaitezke ere, gehienak benabarneko injekzioz gorputzeratzen dira. Antibiotiko batzuek albo-efektuak eragiten dituzte: alergiak, digestiokoak, giltzurrunekoak, etab.
Antibiotikoak erabiltzeko orduan oso garrantzitsua da hainbat faktore kontutan hartzea: pazienteari zehazki tratatu nahi zaion bakterioaren aurkakoa ematea, eraginkorra izan dadin (albo-ondoriorik sortu gabe) kontzentrazio nahikoa ematea, infekzioa erabat gainditzeko behar adina egunetan ematea. Jarduera-espektro desberdineko antibiotikoak daude: batzuk oso espezifikoak dira. Beste batzuek, berriz, tetraziklinek esaterako, bakterio desberdinen espektro zabal bati eragiten diote.
Antibiotiko bidezko tratamenduan agertu den eta agertzen den arazoetako bat bakterio batzuek antibiotikoekiko ager dezaketen erresistentzia da.




Atzera