aposizio

iz. HIZKL. Izen-sintagma bati beste izen-sintagma bat justaposizioz lotuz egindako eraikuntza, batak bestea azaldu edo zehazten duelarik.
Normalean, adjektiboak erabiltzen dira izen baten nolakotasuna adierazteko. Baina askotan, hari justaposizioz loturik dagoen beste izen-sintagma batek ematen digu nolakotasun horren berri. Eraikuntza hauxe dugu aposizioa (Axular, gure idazle handiak, idatzi zuen liburu hori. Larra-aga irakasleak bestela pentsatzen du). Zenbait kasutan bereizten errazak ez badira ere, bi aposizio-mota desberdin daitezke:
a) Aposizio ez-murrizgarria. Mota honetako aposizioan doan sintagmak eta aurreko sintagmak erreferente bera dute, baina bigarrenak lehenaren ezaugarri berriren bat adierazten du. Normalean eten bat eratzen da bi sintagmen artean (Etxepare, lehen euskal idazlea). Egitura hauei kasu-atzizkiak jartzeko orduan, sarritan badirudi nahikoa dela kasu-atzizkia behin bakarrik jartzea, bigarren sintagmaren azkenean (Axular, nafar finak, oso gauza ederrak idatzi zituen); baina etena handia denean eta benetako aposizio ez-murrizgarria denean, bi sintagmei eransten zaie kasu-atzizkia (Axularrek, Otsondo inguruan sortu zen nafar finak).
b) Aposizio murrizgarria. Aposizio-mota honen egitura deitura batek eta honen ondoan doan izen arrunt batek osatzen dute, deituraren funtzioa izen arrunt honen erreferentzia zehaztea delarik. Deitura izen berezia (Xenpelar bertsolaria, Danubio ibaia), izen arrunta (epaile jauna) edo sintaxi-egitura osoa ("Behi euskaldun baten memoriak" liburua) izan daiteke. Aposizio hauetan euskararen ordena naturala deitura + izen arrunta da (Lasa janari-denda eta ez *janari-denda Lasa); hala ere, jaun, andere eta antzekoak ezkerrean nahiz eskuinean ager daitezke (erretore jauna, jaun erretorea; Alberdi andrea, andre Madalen) eta ahaidetasuna adierazten duten hitzak ezkerretara jartzen dira normalean (amona Anttoni, osaba Rikardo). Aposizio murrizgarrietan kasu-atzizki bakarra jartzen da, izen-sintagma osoaren azkenean (Urola ibaitik etorri da).




Atzera