automatizazio
iz. Prozesu baten exekuzioa osorik edo partzialki giza eskuhartzerik gabeko bihurtzea.
Automatizazioa mekanizaziotik haraindi dago, honek gizakiaren jarduera fisikoak ordezkatzen dituen bitartean hark giza kontrola ordezkatzen baitu. 1784an lurrin-makinari James Watt-ek erreguladore zentrifugoa ezarri eta abiadura konstante mantentzea lortu zuen, kargaren gorabeheren menpe egon gabe. Dena den, XIX. mendera arte ez zen hasi automatizazioa garatzen. Hasieran mekanizazioaren osagarria izan zen eta garrantzi handia hartu zuen ehungintza eta garraiabideen arloan. XX. mendean automatizazioa arlo askotara zabaldu zen, hari esker industri produktibitatea emendatu eta lanbide arriskutsuetako langileen segurtasuna areagotzea lortuz. Muntaia-kateak asmatu ziren XX. mendearen hasieran automobilaren industrian eta haietan gero eta osagai automatiko gehiago ezarri dira. Gaur egun, zenbait muntaia-kateatan gizakiaren esku hartze zuzena erabat desagertu da. Prozesu hauetan elektronikak eta informatikak berebiziko garrantzia dute, gizakiaren zeregina behatu eta gainbegiratzera mugatzen delarik.
Sistema automatizatuak elkarri lotutako sentsore edo kaptadoreez, informazioa tratatzeko ordenadore eta mikroprozesadoreez eta eragingailu mekanikoez osatuta daude eta teknika guztiek, hala nola elektroteknia, elektronika, hidraulika eta pneumatikak, parte har dezakete automatizazioan.
Atzera