elektronika

iz. FIS. Elektroi askeek esku hartuz jazotzen diren gertakariak aztertzen dituen fisikaren atala eta horretan oinarri duen teknologia.
XIX. mendean zehar elektrizitateaz metaturiko ezagutzen ondorio gisa, XX. mendearen hasieratik elektronika garatzen hasi zen. Ikusi zen elektrizitatea heda daitekeela hutsean ere. Aurkikuntza honen ondorio bezala hutsezko diodoa asmatu zen. Barnean hutsa egina eta bi elektrodo dituen hodi itxi bat da hau. Bi elektrodo hauen artean tentsio bat aplikatzen bada eta elektrodo negatiboa berotzen bada, elektroi-fluxu bat igarotzen da hutsean zehar beste elektrodoraino, baina polaritatea aldatzen bada korrontea eten egiten da. Gero balbula hau hobeto kontrolatzeko bi elektrodoen artean hirugarren elektrodo bat jarri zen eta balbula berri honi triodo deitu zitzaion. Beste hainbat hutsezko hodi asmatu ziren eta elektronika modernoari hasiera eman zitzaion.
Bigarren Mundu-Gerraren ostean industria elektronikoak aurrerakada handia egin zuen material erdieroaleak erabiltzen hasi zenean. Hauek ez dira, ez eroaleak, ez isolatzaileak, tartekoak baizik. Zenbait elementu kimikok portaera hau berezkoa du, esate baterako germanioak eta silizioak. Hauek zero absolutura hurbildu ahala isolatzaile gisa portatzen dira eta, alderantziz, tenperatura igo ahala eroale bihurtzen dira. Izan ere substantzia hauetan elektroiak ez daude guztiz lotuta isolatzailetan bezala, baina ez dago eroaletan bezala hainbeste elektroi aske ere. Elementu kimiko hauek azken elektroi-geruzan lau elektroi dituzte. Berezko portaera hau alda daiteke beste elementu kimiko batzuen ezpurutasun txikiak erantsiz. Adibidez, aluminioa bezalako elementu bat, azken geruzan hiru elektroi dituena, eransten bazaio silizioari, lau elektroiko egitura osatzeko elektroi-falta agertzen da aluminioa dagoen lekuetan. Elektroi-falta hauei zuloak deritze. Aluminioaren ordez erantsitako elementua fosforoa balitz, honek azken geruzan bost elektroi dituenez, elektroiak sobera egongo lirateke.
Eransten den ezpurutasunak azken geruzan hiru elektroi ala bost dituenaren arabera p ala n motako erdieroalea dela esaten da hurrenez hurren.
Erdieroalezko diodoa p eta n materialen junturaren bidez lortzen da. Mota bereko erdieroalezko bi bloke-atalen erdian beste motako bat eratzen bada transistore bat lortzen da. Hau pnp erakoa ala npn erakoa izan daiteke. Erdiko bloke-atala, beste biak baino askoz meheagoa dena, basea da eta beste biak emisorea eta kolektorea. Basearen eta emisorearen arteko junturan p alderdiari n alderdiari baino tentsio positiboagoa ezartzen bazaio eta basearen eta kolektorearen aldeko junturan alderantziz egiten bada, basearen eta emisorearen arteko korrontearen aldaketa txiki batek emisorearen eta kolektorearen arteko korrontearen aldaketa dakar, baina lehen zirkuitua bigarrena baino askoz potentzia txikiagokoa da, beraz anplifikazioa lortzen da. Transistoreek balio dute gainera osziladoreak eta pultsu bidezko zirkuituak eratzeko.
Hasieran erdieroalezko osagai diskretuak, solteak, bakarrik egiten ziren, baina aurrerapen izugarria izan zen 1970.eko hamarkadan zirkuitu integratuak egiten hastea. Zirkuitu integratu batean erdieroalezko osagaiak, erresistentzia eta kondentsadoreak eta konexio elektrikoak, denak, siliziozko bloke batean eginak daude.




Atzera