bela
iz. 1. Bere baitan haizea hartzeko forman ebaki eta jositako ehun natural edo sintetikozko pieza. Masta, belazurrun eta estaietan lotu eta itsasontzia bultzatzeko eta gobernatzeko funtzioa du. 2. KIR. Belaontziekin egiten den kirola. 3. Ik. belo. • bela nagusi. Belaontzietan masta nagusian zintzilikatzen den bela, guztietan handiena. • BELA EGIN. Itsasora atera, itsasoratu. Mila ontzik egin zuten bela maiatzaren azkenean. || BELAK ERATSI. Belak bildu. || BELAK IRAKORI. Belak zabaldu.
KIR. Bigarren Mundu-Gerraz geroztik garapen handia izan du kirol honek. Material berriak agertu ahala, etengabeko berrikuntzak egin dira ontziei dagozkien arlo guztietan eta, egun, ontzi-mota asko dago, bai lehiatzeko eta bai aisialdirako. Gero eta arinagoak eta gogorragoak dira eta beletan ere aldaketa handiak egin zaizkie. Horrela, bela-lehiaketek protagonismo berezia hartu dute eta belaontzien neurriak txikituz joan dira, handienek irabazi beharrean onenek irabaz dezaten. Joko Olinpikoetan sartzen diren estropada-motak sei dira: finn, lau hirurogeita hamar (470), flying dutchman, star, soling eta tornado. Eta, horiez gain, gero eta ugariagoak diren gurutzaldi-estropadak daude (Amerika Kopa, Munduari Itzulia). Kirol hau mundu-mailan IYRU (International Yacht Racing Union) erakundeak kontrolatzen du; 1907an sortua da eta egoitza Londresen du.
Atzera