dinamo
(makina dinamoelektrikoren laburtzapena) iz. ELEKTR. Korronte zuzeneko sorgailua.
Norantza bakarreko tentsio eta korronte elektrikoa sortzen dituen makina birakaria da dinamoa. Induktorea estatorean izaten du eta induzitua errotorean. Hau biraka ari denean, bertan dituen hariletan zehar iragaten den fluxu magnetikoa aldatu egiten da. Aldaketa honen abiaduraren araberako tentsioa induzitzen da orduan haril horietako espiretan. Induzitutako tentsioa berez alternoa da, zeren harilean zehar iragaten den fluxua handiagotu ondoren txikiagotu egiten baita eta gero kontrako norantzan berdin, baina induzituaren ardatz berean muntatua doan kolektoreak eta estatoreari atxikitako eskuilek osatzen duten konmutadore mekanikoak, irteerako tentsioa arteztu egiten du. Tentsio honen batez besteko balioa errotorearen abiadurarekiko eta fluxuarekiko zuzenki proportzionala da.
Dinamo baten polo-kopurua lau eta zortzi artekoa izaten da eta eskuila-kopurua gehienetan polo-kopuruaren berdina, baina batzuetan bi eskuila bakarrik izaten dira.
Induktorearen eremu magnetikoa iman iraunkorren bidez ala tentsio-iturri batek elikatutako harilen bidez sor daiteke. Batzuetan tentsio-iturri hori kanpokoa izaten da, hau da bateria bat edo artezgailu bat, adibidez. Orduan dinamoa kitzikapen independentekoa dela esaten da. Shunt dinamo deitzen direnetan makinaren irteerako tentsioa hartzen da induktorea elikatzeko, bi zirkuituok paraleloan jarriz. Kasu honetan makina abiatzen denean induzituak ekoizten duen tentsioa txikia izaten da, poloen hondar-magnetismoari dagokiona bakarrik. Induktoreari ezarritako tentsio txikiak korronte txiki bat iraganarazten du bertatik eta honek fluxua pixka bat indartzen du eta induzitutako tentsioa zerbait altxatzen. Induktoreko zirkuituan jaisten den tentsioa induzitutakoaren berdina izatera iritsitakoan amaitzen da prozesua. Tentsio hau aldarazteko, induktorearekin serien konektaturiko erresistentzia baten balioa aldatzen da. Dinamoa makina alderanzgarria da eta beraz motore gisa ere funtziona dezake.
dinamometria
Atzera