erregalia

iz. 1. Oparia. 2. HIST. Erdi Aroan, erregearen eskubide-multzoa; bere botere zuzenaren menpeko lur-saila.
HIST. Sistema feudala erregalietan edo erregeak bere bezala zituen lurren eta bestelako ondasunetan oinarrituta zegoen, jaun feudalei (edo ordena militarrei) uzten baitzizkien horietako batzuk, beraiek erabiltzeko edo erabiliko zituzten nekazariengandik errentak jasotzeko. Horien truke jaunek beren leialtasuna eta zerbitzuak eskaintzen zizkioten erregeari. Geroago mendiak, basoak, urak, etab. udalei uztera jo zuten erregeek, ordainetan zergak eskatuz; edota pertsona pribatuei saltzen zizkien diru-ordainetan. Berant Erdi Aroan gobernu-eskuduntza esklusiboetara zabaldu ziren erregaliak; horrela erregearen esku zeuden normalean txanpongintza, justiziaren administrazioa eta beste. Erregalien bidez finkatzen zuten erregeek beren boterea jaun feudalen aurrean.




Atzera