errugbi

(ing.ezko hitza) iz. KIR. Hamabosna, hamahiruna edota zazpina jokalariz osatutako bi taldek baloi obalatu bat batabestearen hagen atzean uztean datzan kirola.
Bi ezaugarri nagusi ditu rugbyak: baloia eskuz edota hankaz jokatu ahal izatea eta baloia jokoan jartzeko melea osatzea. Jokalekua gehienez 100 x 68,62 m-ko zelaia izaten da eta 40 minutuko bi zati jokatzen dira. Puntuak lortzeko lau modu daude: baloia aurkarien entsegu-eremuan utzita (5 puntu); entsegua egin ondoren baloia ostikatu eta hagen artean pasatuz (2 puntu); zigor-kolpe batean baloia hagen artean ostikoz pasatuz (3 puntu); eta bote lasterrez drop bat lortzea baloia hagen artean pasatuz (3 puntu).
Rugbya kirol amateurra izan da, baina 1995ean errealitateari kasu eginez profesionalismoari ateak zabaldu dizkiote nazioarteko federazioek, International Board-ek eta FIRAk, alegia.
Bi txapelketa nagusi egiten dira: Bost Nazioetako Torneoa, Ingalaterrak, Galesek, Eskoziak, Irlandak eta Frantziak urtero jokatzen dutena, eta 1987az gero lau urtean behin jokatzen den Munduko Kopa. Ipar Euskal Herrian dago euskal rugbyaren gunea, eta pilotarekin batera bertako joko nagusia da. Gainera, Iparraldeko klubak Frantziako klub ospetsuenen artean daude eta Zelaia, Dospital eta Blanco moduko jokalari entzutetsuak eman ditu Iparraldeko rugbyak. Hegoaldean rugbya bigarren mailako kirola da eta Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldean jokatzen da nagusiki.




Atzera