informatika
iz. INFORM. Informazioaren tratamendu automatikoaren zientzia.
Informazio eta automatika hitzen elkarketatik datorren informatika hitza 1966an sortu zen. Baina informatikaren jaiotza-urtetzat Von Neumann-en ideietan oinarritutako lehen makina sortu zen urtea (1949) hartzen da. Zientzia honen funtsa datuak bildu, sarrera-unitateen bidez ordenadorera sartu, bertako unitate zentralean prozesatu ondoren informazio erabilgarria sortu eta irteera-unitateen bidez ateratzean datza. Prozesu honetan bi kontzeptu nagusi bereiz daitezke: hardwarea, hots, prozesamendu automatikoan erabiltzen diren tresnen multzoa, eta softwarea ordenadoreak funtzionatzeko eta problema konkretuak ebazteko behar diren programen multzoa.
Informatika bost ataletan sailka daiteke: informatika analitikoa, informazioaren teoriaz eta problemen ebazpenerako dauden algoritmo eta prozedura matematikoen ebaluaketaz arduratzen dena; informatika logiko edo sistematikoa, sistema informatiko bat osatzen duten elementuen arteko erlazioak ezarri eta bakoitzaren funtzioak definitzea duena helburu; informatika fisiko edo teknologikoa, hardwareko osagaien, hots, zirkuitu elektronikoak, erdieroaleak, memoriak, prozesadoreak eta unitate periferikoak aztertzen dituena; informatika metodologikoa, softwarearen arloaz, edo programazio-metodologiaz, programazio-lengoaiez, konpiladore eta itzultzaileez eta sistema informatikoen ustiapenaz arduratzen dena; eta informatika aplikatua, sistema informatikoetan problema konkretuak ebazteko sortzen diren aplikazio praktiko guztiak barne hartzen dituen arloa. Azken urteotan zientzia honen arlo desberdinetan egin diren aurrerapenak direla eta, ordenadoreak gero eta txikiagoak, azkarragoak eta merkeagoak dira. Ondorioz gizartearen eremu guztietara hedatu dira: enpresetara, bankuetara, administraziora, profesionalen arlora, hezkuntzara, etab.etara.
Atzera