inpertsonal
izond. 1. Pertsona jakin bati ez dagokiona, inorena bereziki ez dena. Legea inpertsonala da. 2. HIZKL. Ekintzaren egilea ezezaguna edo zehaztugabea delako edo isildu nahi delako, subjektu jakinik ez duen adizki eta perpausa.
HIZKL. Euskaraz, inpertsonaltasuna adierazteko bi bide nagusi daude:
1) Aditza nor-nork sailekoa denean, eta objektua hirugarren pertsonakoa denean, nork sintagma ezabatu eta nor saileko bihurtzea: Sagarrak merke saldu dira. Horrelakorik ezin zaio lagun bati esan. Noiz hiltzen da zerria zuen herrian?
2) Aditza nor-nork sailekoa denean, eta objektua edozein delarik ere, nork kasua pluraleko hirugarren pertsonan jartzea: Indian behiak ez dituzte hiltzen. Eskolan lanak ez egiteagatik zigortu naute. Etxean ez diote jaramon handirik egiten. Dena dela, honelako kasuetan "haiek" horrek ezin du inor seinalatu, bestela ez bailitzateke perpaus inpertsonala izango. Alegia, perpaus hauek anbiguoak dira, bi esanahi dituztelako: bata pertsonala, subjektua ezkutuan duela, eta bestea inpertsonala.
Bestalde, kontuan izan behar da nor saileko aditzak ere izan daitezkeela inpertsonalak. Kasu honetan, beste faktore batzuek dute eragina, adibidez, aspektuak: hemendik joan da Donostiara eta hemendik joaten da Donostiara perpausen artean, lehena beti pertsonala izango da eta bigarrena, berriz anbiguoa (hots, pertsonala nahiz inpertsonala izan daiteke).
Atzera