Internet

iz. INFORM. Ordenadore arteko komunikazio-sare erraldoia, mundu-mailakoa, "sareen sarea" esan ohi zaiona.
1969an Estatu Batuetako Defentsa Sailaren ARPA (Advanced Research Project Agency) agentziaren eraginez TCP/IP izeneko protokoloa sortu zen ikerketa-zentro militarretako eta unibertsitateetako sistema informatikoak sare handi batean lotu ahal izateko. Protokolo horretan oinarriturik, 1975ean sare esperimental bat sortu zen, ARPANET izenekoa. 1983an TCP/IP protokolo-multzoa estandar gisa hartu zen sarerako. Azkenik, erabilpen militarra alde batera utzirik, bestelako erabiltzaileak ere sarea baliatzea onartu zen: ARPANET desagertu eta Internet jaio zen 1990ean. Ez du egitura hierarkikorik, hau da, komunikazioa kontrolatzen duen ordenadore nagusirik ez dago; sareko ordenadore guztiak maila berean daude eta sarearen hedapena noranahikoa da; amarauna bezala zabaltzen da. Mundu osoan barreiaturik dauden sare txikiak elkarri lotzen zaizkio Internet bidez eta orotariko informazio eta zerbitzuak bidal eta jaso daitezke. Hasieran batez ere unibertsitateetako ikertzaileentzako tresna izan zen, baina ziztu bizian zabaldu eta erabiltzaile arruntaren mailara iritsi zen 1993tik aurrera. Progresio geometrikoan hazi da; 1996 urtearen hasieran 20.000 sarek, 2 milioi zerbitzaritik gora (zerbitzu-hornitzailek) eta 30-40 milioi erabiltzailek osatzen zuten Internet.

2003ko martxoaren 27an europar helduen ia %20k bazuen Interneteko konexioa. Aurreko bi urte eta erdian 55 urtetik gorako internauten kopurua %50 hazi zen, 2000 urtean ziren 10 miliotatik 15 milioi baino gehiagoraino 2002 urtearen amaieran.
Suedian ia helduen %50ek bazuen sarbidea Internetera, %40 baino gutxixeagok Herbehereetan, %29k Erresuma Batuan. Frantziako eta Espainiako helduak bakarrik ari ziren Europan atzera gelditzen Interneten erabileran.




Atzera