isotopo

iz. KIM. Elementu jakin baten nukleo-mota desberdinetako bakoitza, masa-zenbakia desberdina izanik (neutroi-kopurua desberdina delako), zenbaki atomiko (protoi-kopurua) berdina eta propietate kimiko berak dituena.
Naturan elementu kimiko gehienak atomo-mota bat baino gehiagoz osatuta daude, hau da, hainbat isotopo nahasian daude. Adibidez, oxigeno arruntak hiru isotopo ditu: batek 8 neutroi ditu, besteak 9 eta besteak 10. Elementu baten isotopo guztiek propietate kimiko berdinak dituzte eta taula periodikoan toki berean daude, elektroi-kopuru bera baitute. Dena den, propietateetan alde txikiak egon daitezke isotopotik isotopora, masa atomikoen arteko desberdintasun txikiek eraginda. Propietate fisiko batzuk, aldiz, desberdinak dira, hauek nukleoko neutroi-kopuruaren arabera aldatzen baitira.
Isotopo egonkorrak eta isotopo ezegonkorrak daude; hauek isotopo erradioaktiboak (edo erradioisotopoak) dira. Hauetan, berez eta bat-batean, nukleo atomikoa deskonposatu egin daiteke: partikularen bat (alfa partikula, positroia, elektroia) edo erradiazio elektromagnetikoa egotziko du eta beste elementu baten nukleo bihurtuko da: erradioaktibitatearen fenomenoa da hori. Isotopo naturalak neutroiez bonbardatu eta naturan ez dauden isotopo erradioaktibo asko artifizialki sortu dituzte fisikari nuklearrek. Industrian, medikuntzan, erreaktore nuklearretan etab.etan erabiltzen dira.




Atzera