kataro

iz. eta izond. Erdi Aroan, erabateko garbitasuna erdietsi nahi zuen sekta erlijioso baten jarraitzailea; sekta horri dagokiona.
Kataroen mugimendua Alemanian sortu zen XII. m.an, eta garai berean eta XIII. m.an Frantziako Languedoc eskualdean, Albi inguruan bereziki, indartu zen (horregatik albitar ere deitu izan zaie). Bogomilo eta paulizianoen sektekin lotura handia zuen beren doktrinak.
Manikeismoari jarraituz, munduan bi iturburu daudela irakasten zuten: ongiarena (mundu espiritualaren sortzailea) eta gaizkiarena (mundu materialaren sortzailea). Materiatik aldentzean gizakiak Satanen inperiotik ihes egiten du eta Jainkoarenean sartzen da; honenbestez, mundu hau gaizkiaren iturburutik sortu bide denez, gizon-emakumeek munduaren eta haragiaren zorigaiztotik atera beharra daukate, zorionekoak izango badira.
Eliza katolikoaren sakramentuak alde batera utzita, kataroek espirituaren bataioa edo consolamentum-a eman zuten. Hau hartzen zutenek, perfektuek alegia, erabateko kastitatean bizi behar zuten ezinbestean eta hierarkia kataroaren goi-mailan zeuden. Maila apalagoan, berriz, fededunak zeuden; hauek ez zitzaizkion araubideari hain esturik lotzen eta hiltzeko zorian zeudela hartzen zuten consolamentum-a.
Kataroek gotzainak zituzten eta beren komunitatea elizatzat hartzen zuten. Baina Eliza katolikoak bere dogma eta batasunaren etsaitzat hartu zituen. Inozentzio III.ak sustatu eta Montfort-eko Simonek kapetarren mesedetan gidatutako gurutzadak sarraskitu egin zuen komunitate kataroa, nahiz eta Frantziako hegoaldeko jaunak hauen alde azaldu. Honela bada, zapalkuntza hau kapetarren dinastiaren onuran izan zen, eta denborak aurrera egin ahala, erlijio-auzia ez ezik botere-auzia ere bazela ikusi zen.




Atzera