merindade

iz. 1. Merioaren menpean zegoen herrialdea. 2. Gaur egun Nafarroa Garaia banatuta dagoen bost eskualdetako bakoitza.
HIST. Instituzio hau Gaztelan XI-XII. m.etan sortu zen, organo zentralaren eta hiribildu edo errege-jaurerrien arteko instituzio administratibo gisa.
Nafarroako Erresuman Iruņea, Lizarra, Tutera, Zangoza eta Mugaosteko merindadeak zeuden, 1407an Erriberriko merindadea sortu zen arte. Frantziako erresumak Nafarroa Beherea bereganatu zuenean (1530), Mugaosteko merindadea desagertu egin zen. Nafarroa Garaian bost lurralde-barrutien banaketak bizirik dirau.
Bizkaian merindadeak VIII. m.an sortu baziren ere, berauen mugak ez ziren XIV. m.ra arte zehaztu; 1526ko Bizkaiko Foru Berriaren arabera zazpi merindade zituen Bizkaiko jaurerriak: Busturia, Uribe, Arratia, Bedia, Zornotza, Markina eta Durango. 1785ean Orozkoko merindadea atxiki zitzaion. Merindade bakoitza elizatetan banatuta zegoen eta bakoitzak bere merioa zuen, Uribekoak izan ezik honek bi baitzituen.
1272an Gipuzkoa eta Araba Gaztelako merindade edo adelantatu nagusitik bereizi egin ziren 1274an adelantatu berri bat osatzeko; Diego Lopez de Salzedo izan zen burua. Antso IV.a Bipilaren garaian, berriz ere atzera egin eta Gaztelako adelantatu nagusira batu ziren.
Aipatutako datuez gain, Arabako merindade nagusiari buruzko datu gutxi dago; 1332an Arriagako kofradia desegin zenean sortu eta sendotu zen Arabako merindade nagusia; Joan Ruiz de Gauna izan zen bertako merioa.




Atzera