Zornotza

Bizkaiko udalerria, mendiz inguratua eta Ibaizabalek zeharkatua (Durangaldea); 15.818 bizt. (zornotzarrak). I-an Larrabetzu eta Muxika, E-an Muxika, Iurreta eta Durango, H-an Izurtza eta Dima eta M-an Dima, Lemoa eta Galdakao ditu mugakide. Industria (metalurgia, kimikoa, ehungintza, papergintza) da ekonomi jarduera nagusia; zerbitzuak ere garrantzitsuak dira, merkataritza-gunea baita. Nekazaritzak (barazkiak berotegietan) eta abeltzaintzak garrantzi gutxiago dute. Beharrean dabiltzan herritarren ia % 60ek bigarren sektorean dihardute eta % 40 inguruk hirugarrenean. Zornotzako populazioak gora egin du erabat XX. m.aren bigarren erdian, batez ere 50, 60 eta 70.eko hamarkadetan; 1960an 8.346 biztanle ziren, 1981ean 15.575 eta 1991n 15.818. Historia. Erromatarren garaiko arrastoak badira udalerrian; Boroako elizan dago II. m.ko hilarria. Zornotzako merindadeko elizateak izan ziren Amorebieta edo Zornotza eta Etxano, biak. Badirudi Amorebietako herriak Zornotza leinutik hartua duela izena (biak erabili ziren XIX. m.ra arte). Zornotzako leinuak XIII. m.an izan zuen hasiera, Aialako etxetik zetorren Pedro Salzedok Amorebietako lurrak jaso zituenean sari gisa. Geroztik oinetxe horren eta beste askoren habia izan zen Amorebieta; baita Etxano ere, oinetxe asko jaso ziren-eta Erdi Aroan (877koa da Larrea dorretxea). Etxanoko elizatea garrantzitsua izan zen, batik bat Bizkaiko jaurerriaren eta Nafarroako erresumaren arteko mugarria han zelako Durango Nafarroan sartzean. Amorebieta, berriz, ekonomikoki izan zen indartsua, merkataritza- eta industrigunea (burdinolak) zenez. Artea. Etxanoko Santa Maria XVI. m.an eraiki zen zaharrago baten gainean, estilo errenazentistari jarraiki; estilo horretakoak ditu ate nagusia eta erretaula. Baoetan erdi-puntuko arkua da nagusi, hala baitira alboetako ateetakoak eta leihateetakoak. Bestalde, mainel batek bitan banatzen duen leiho gotiko edo ajimez bat ere ikus liteke. XVIII. m.koak dira kanpandorrea eta erretaulako Andre Mariaren irudia. Karrerapean hilobi-harlauzak daude lurrean. Zornotzako Santa Maria XVI-XVII. m.etakoa da, XVIII. m.koa du dorrearen goiko zatia eta XIX.ekoa portikoa. Erretaula nagusia rococoa da. Larreako karmeldarren komentua 1712an eraiki zen XVII. m.ko San Joan Bataiatzailearen ermitaren gainean. Aipatzekoak ditu Ecce Homoa eta ekisaindua.



Atzera