nitriko

izond. KIM. azido nitriko. Nitrogenoaren deribatu den azido oxigenatua (HNO3). Likido gardena da, oso korrosiboa eta oxidatzaile bortitza. Industrialki amoniakoaren oxidazio katalitikoaren bitartez lortzen da. Erabilpen ugari ditu, baina batik bat ongarriak, lehergaiak, plastikoak, koloratzaileak, bernizak, etab. ekoizteko baliatzen da.
Azido nitrikoa likido gardena da, oso korrosiboa eta oxidatzaile bortitza. Zenbat eta tenperatura altuagoa eta kontzentrazio-maila handiagoa, hainbat eta oxidatzaile bortitzago bihurtzen da. Larruazala eta ehunak erretzeaz gain, sufrea azido sulfuriko, fosforoa azido fosforiko, etab. bihurtzen ditu, baseak nitrato bilakatzen ditu, alkoholekin konbinatuta esterrak ematen ditu (glizerinarekin nitroglizerina, zelulosarekin nitrozelulosa, etab.) eta metalei eraso egiten die (urre, zilar eta platinoa kenduta).
52 ºC-tan irakiten du eta -41 ºC-tan solidotzen da. Urarekin erraz nahasten da, eta merkatuan azido nitriko monohidratatu edota azido nitriko tetrahidratatu kontzentrazioetan saltzen da nagusiki.
Garai batean azido sulfurikoa eta sodio nitratoa erreakzionaraziz lortzen zen. Gaur egun, berriz, industrialki amoniakoaren oxidazio katalitikoaren bitartez lortzen da, tenperatura baxuan eta platinozko katalizatzaileak erabiliz.
Azido nitrikoak erabilpen ugari ditu, baina batik bat ongarriak (sodio, kaltzio edo amonio nitratoak), lehergaiak, plastikoak, koloratzaileak, bernizak, etab. ekoizteko baliatzen da. Halaber, azido nitrikoak kobrea erraztasun handiz oxidatzen duenez, urarekin nahastuta, inprimatzeko plantxen grabatuan ere erabiltzen da (akuafortea, etab.).




Atzera