psikiatria
iz. MED. Gaixotasun mentalak aztertu eta tratatzen dituen medikuntzaren atala.
Antzinatean gaixotasun mentalak naturaz gaindikotzat hartu ziren, Hipokratesek postulatu naturalisten arabera interpretatu zituen arte. Erdi Aroan naturaz gaindiko arrazoitara jo zuten berriro adituek; gaixo mentalak deabrudunak bailiran hartu ziren, eta ondorioz, exortzismoak eta bestelako bortxa psikiko eta fisikoak jasan behar izan zituzten. XIX. m.aren hasieran psikiatriak, Europa eta Amerikan izandako esperientziak zirela medio, sindrome psikopatologikoen bereizketa eta sailkapena egiteko beharra planteatu zuen. Ildo honetatik, J. Esquirol-ek oinarrizko bereizketa egin zuen atzeratu eta ero terminoen artean. Urte bertsuetan E. Séguin medikuak adimen-urritasuna sendaezina zelako usteari aurre egin, eta honelako haurrak hezteko lehenengo institutua eratu zuen. Hurrengo urteetan psikiatrek behaketa klinikoa eta metodo anatomiko-patologikoa erabili zuten, eta, honenbestez, psikiatria organizismotik (gaixotasun mentalak nerbio-sistema zentraleko lesioen ondorio direla dioen teoria) abiatu zen. Organizista izateaz gain XIX. m.ko psikiatria deskribatzailea ere bazen. Psikoanalisiaren sorrerarekin planteamendu tradizionalak kinkan jarri ziren, gaixotasunak sailkatzeari zegozkionak batik bat. Egungo psikiatrian badira psikoanalisiaren ekarpena integratu duten korronteak eta klinika bide psikoterapeutikotik abiarazi dutenak; badira beste batzuk psikoanalisia baztertu eta aurreko organizismoari lotzen zaizkionak; azkenik, badira tarteko bidea hartu dutenak ere. Aipagarriak dira, bestalde, faktore soziokulturalei arreta berezia ematen dieten psikiatrak, psikiatria soziala deritzanaren jarraitzaileak hain zuzen. Eroetxe tradizioanalari -gizartearentzat "arriskutsu" izan zitekeen gaixoa isolatzeko erabili den zentroari- eginiko kritikak direla eta, beren lana aski ezaguna da jendearen artean.
Atzera