adimen

iz. 1. Ulertzeko ahalmena, pentsamendu bidez nor bere buruaz eta inguruaz jabetzeko ahalmena. 2. Egoera bati aurre egiteko, arazo bati irtenbidea emateko, zirkunstantzien arabera aukera egiteko ahalmena. 3. Ik. entzumen. • adimen artifizial. INFORM. Makina batek egindako giza adimenaren simulazioa; sistema informatikoetan ezagutzaren adierazpidea, ikasketa, autozuzenketa eta erabakiak hartzeko ahalmena garatzeko zientzia. || adimen-elbarritasun. PSIKOL. Erdi-mailako adimen-urritasuna, sortzetikoa nahiz bizitzako lehen urteetan erdietsia. Adimen-elbarriek ez dira gai izaten ez irakurtzen ez idazten ikasteko, ez bizitzan bere buruaz bakarrik baliatzeko. Hauen I.K.ak 25-50era bitartean izaten dira. || adimen-enultasun. Ik. idiozia. || adimen-koziente edo inteligentzi koziente (IK). PSIKOL. Binet-Simonen eskalaren arabera neurtutako adimen-adinaren eta haur edo adoleszentearen benetako adinaren zatidura bider 100. || adimen-moteltasun. PSIKOL. Adimen-urritasunaren gradurik arinena, 50-80 bitarteko IK dagokiona. || adimen-urritasun. PSIKOL. Errendimenduzko defizita, sortzetikoa nahiz oso goiz erdietsia; pertsonaren adina adimen-adina baino handiagoa den egoera. Defizit hau neurtzeko irizpide psikometrikoak erabili ohi dira, eta hauen arabera Binet-Simonen testean 80z behetiko kozientea dutenak adimenez urriak direla esan ohi da. Larritasun-mailaren arabera, adimen-moteltasuna, -elbarritasuna eta idiozia bereiz daitezke.
ENTZ.
Adimena, E. Claparéde eta W. Stern-ek proposatutako definizioaren arabera, pentsamendua egoera berrietara egokitzeko, eginkizun eta bizi-baldintza berrietara egokitzeko gaitasuna da. Gaitasun hau aldakorra da indibiduo eta espezie desberdinen arabera. H. Wallon eta J. Piageten teorien arabera, garapen intelektuala haurrak pixkana-pixkana hartzen duen ezagutza hierarkikoa da. J. Piagetentzat adimena norbere ingurunearekiko adaptazio-prozesua da. Asimilazioa, organismoak ingurunean duen eragina da. Adaptazioa, berriz, ingurunera hobeto egokitzeko organismoa aldatzen deneko prozesua; horrela, inguruneko ekintza batek organismoaren ezaugarriak aldatzea dakar berarekin.
Wallon eta Piagetentzat, adimenaren garapena estadio edo fase batzuetatik igarotzen da, egituraz desberdinak, baina haur guztiengan ordena berean agertzen direnak. Adimen praktikoa, genetikoki lehen adimena, funtzio motorraren nerbio-heldutasunari hertsiki lotua dago; haurrak mimika eta jarrera desberdinak har ditzake berak nahi duen helburua lortzeko. Imitazioa, funtzio sinbolikoaren lehen zirriborroa, adimen praktiko eta diskurtso-adimenaren arteko trantsiziozko portaera gisa hartzen da eta bigarren urtearen erdialdera agertzen da. Adimen konkretua (3 urtetik 6 urtera bitartean) diskurtso-adimenaren lehen maila da. Fase honetan zeinu eta sinboloekin eragiten du baina esperientzia konkretutik erabat aldendu gabe. Sinkretismoa da fase honi dagokion jarrera intelektuala, hau da, egoerak bere osotasunean hautematen ditu, pertzepzioa, afektibitatea eta jarduera erlazionaturik agertzen direlarik. Sei urtetik hamaika urtera bitartean adimena abstraktu bihurtzen da, hau da, afektibitate eta hurbileko jardueratik askatuz esperientzia konkretua gainditu eta zeinu eta sinboloekin eragiteko gai da, horrela ezagutza objektiboa lortzeko.
Adimen kontzeptuala hamabi urteko haurrarengan hasten da eratzen, betiere hezkuntz zirkunstantzia faboragarrietan aurkitzen denean. Arrazoiketa hipotetiko-deduktiboa du fase honetan.
Garapen intelektuala faktore askoren menpe dago. Luzaroan uste izan zen herentziaz transmititzen zela eta familia bertako kide guztiengan ia eragin berdina zuen hezkuntz ingurune gisa hartzen zen.
Garapen psikikoa nagusiki bi faktoreren arteko erlazioaren emaitza da: alde batetik, heldutasun-faktorea (nerbio-sistema, guruin endokrino eta sentimen-organoen heldutasuna) eta beste alde batetik, ikaskuntzari dagokiona, organismoa bizi den inguruneko estimuluen araberakoa dena. Psikoanalistek afektuak adimenaren garapenean duen garrantzia azpimarratu dute.




Atzera