afektibitate

iz. PSIKOL. Bizitzako zenbait egoeraren aurrean pertsonak dituen erreakzio psikikoen (emozio, sentimendu, pasio etab.en) multzoa. Maitasun edo begikotasunezko sentimenduekin lotu ohi da.
ENTZ.
Urte askotan afektibitateari loturiko mundu irrazional eta subjektiboa (emozioak, sentimenduak, pasioak) adimenaren mundu objektibo eta razionalari kontrajarria erabili izan da. Gaur egun badirudi, ordea, ez dela aipatu banaketarik egiten eta pertsonaren edozein portaeratan agertzen direla esandako elementuak. Gizabanakoaren kanpo-ingurunean edota bere barnean gertatzen den edozein asalduraren aurrean hark aldaketak jasateko duen gaitasuna izendatzeko erabiltzen da afektibitate terminoa. Gizabanakoak bizitzen duen guztia esperientzia atsegin/ezatsegin gisa barneratzen du eta afektibitateak funtsezko papera jokatzen du bizipen horietan. Sentimendu, emozio eta pasioak afektibitatearen efektu lirateke eta afektibitatearen intentsitate, iraupen, adierazpen eta jatorria dira haiek definitzeko unean kontutan hartu beharreko ezaugarriak.
Gizabanakoaren afektu nuklearrak nola eratu diren jakitea -horietatik abiatuz bereiztu eta eratuko baita pertsonaren bizitza afektiboa- izan dute luzaroan psikologoek aztergai. J.B. Watsonentzat, esaterako, bizitza afektiboa, beldur, maitasun eta agresibitatean oinarritua dago. Umorea (timia), edo erreakzio emotiboen une jakin bateko emaitza, bi muturren artean (poz eta tristeziaren artean) dabilen pertsonaren egoera da eta prozesu patologikoen eraginez tonu euforiko edota deprimitua izan dezake. Heldutasunean bizitza afektiboa birmoldatu egiten da eta inpultsu afektibo berriak agertzeaz gain adierazpen afektibo jakin batzuk indartu egiten dira.
Freud-ek inkontzientearen kontzeptua sartu zuen eta errepresioak afektua azaleratzea galarazi egiten duela esatean, aldendu egin zen afektibitatearen kontzepzio psikologikotik. Freudentzat afektibitatea gizabanakoaren barne-aldaketaren ondorio da eta ez du kanpo-ingurunean zuzeneko eraginik.




Atzera