sindikalismo

iz. Sindikatutan antolatutako langile-mugimendua, langileen eskakizunak lortzea eta interesak defendatzea helburu duena; sindikatuen doktrina eta jarduera.
Sindikalismoa Britainia Handian sortu zen, langileen elkarteak debekatzen zituen legea desagertu zenean (1820). Hasiera batean sindikatuak elkarlaguntzarako eta langileen interesak defendatzeko elkarteak ziren. Lehen sindikatu modernoa, Grand National Consolidated Trade-Unions, 1934an sortu zen eta horren eraginez antzeko erakundeak eratu ziren Europa kontinentalean ere.
XIX. m.aren bukaeran adar desberdinak agertu ziren sindikalismoan. Sindikalismo iraultzaileak Bigarren Mundu-Gerra arte izan zuen indarra; anarkismoan eta Sorel-en ideien eragina zuen eta langileen bizitza-egoera hobetzea ez zuen helburu bakarra, burgesiaren egiturak suntsituz gizartea sustraitik eraldatzea baizik. Hortaz, kapitalismoaren kontra ez ezik estatuaren kontra ere borrokatzen ziren. Errebindikazio-sindikalismoaren helburuetan ez dago egitura kapitalistak suntsitzea, baizik eta langileen lan- eta bizitza-baldintzak hobetzea. EEBBetako sindikalismo korporatibistak alde batera uzten du jarduera politikoaren bidez erreformak bultzatzeko bidea eta lan-egoeraren arazoei (enpresa-mailan bereziki) baino ez zaie lotzen. Lehen Mundu-Gerraren ondoren, leninismoak sindikatu-mota berria bultzatu zuen. Alderdi komunistaren zuzendaritza onartuz, sindikatua alderdiaren eta langile-masen arteko transmisio-uhala da alde batetik, eta militante komunisten habia eta eskola bestetik. Gainera, erregimen komunista duten estatuetan enpresa- eta lantegi-mailan kontrol eta erantzukizun batzuk ditu. Azkenik, Portugal, Alemania, Italia eta Espainian erregimen faxisten garaian garatutako sindikalismo bertikala aipatu behar da. Honen ezaugarriak ugazabak eta langileak erakunde bakar batean biltzea eta estatuak langileria kontrolatzea ziren.
Euskal sindikalismoa ELA jaio zenean sortu zen (1911) eta harrezkero indartuz joan da. 1974an LAB sindikatua sortu zen. Euskal sindikalismoaren ezaugarririk nabarmenena Euskal Herria lan-harremanetarako marko autonomotzat jotzea da.




Atzera