zirkulazio-aparatu
iz. ANAT. Likidoen zirkulazioan esku hartzen duten organoen edo atalen multzoa.
Zirkulazio-aparatua errepidearen eginkizuna betetzen duten hodiek (arteriek eta benek), indar eragilea den bihotzak eta likido zirkulatzaileak osatzen dute. Ornodunetan eta zenbait ornogabetan (anelido eta molusku zefalopodoetan) arteriak eta benak baso kapilarren bidez lotuta daude eta hori horrela denean, zirkulazio-aparatu itxia dutela esan ohi da eta likido zirkulatzaileari odola esaten zaio. Zenbait ornogabetan, arterietako likidoa atera egiten da eta zelulak zuzenean bustitzen ditu eta handik benetara joaten da; horri zirkulazio-aparatu irekia esaten zaio eta bertako likidoak hemolinfa izena hartzen du. Ornodunetan, odolaz gain linfa izeneko likido zirkulatzailea ere badago, linfa-basoetan zehar arteria-baso sistemari paraleloki jarraituz zirkulatzen duena. Bestalde, bihotzak hiru barrunbe (anfibioak) edo lau barrunbe (narrastiak) baditu, oxigeno asko duen odola karbono(IV) oxidoa duenarekin nahasten da eta zirkulazioa ez dela osoa esaten da; nahasketarik ez badago, osoa da. Biriken bidez hats-hartzen duten lehorreko ornodunek zirkulazio-aparatu bikoitza dute, hots, odola bitan iragaten da bihotzetik organismo guztira iristeko (alde batetik, biriketara eta bestetik, gorputzeko gainerako organoetara iristeko).
Gizakiaren zirkulazio-aparatua bikoitza, itxia eta osoa da. Bihotzaren uzkurdura da odol-zirkulazioaren arduraduna. Bihotzaren eskuinaldeko barrunbe aurikular eta bentrikularrek odola biriketako arterien bidez biriketara bidaltzen dute eta bertan oxigenoa hartu eta karbono(IV) oxidoz garbitua geratzen da. Ondoren, odola birika-benetatik iraganez bihotzaren ezkerraldeko barrunbe aurikular eta bentrikularretara joaten da eta aortatik ateraz arteria eta kapilareetan zehar, organismoko ehun guztiak oxigenoz, elikagaiez, hormonez eta entzimez hornitzen ditu eta horien hondakin metabolikoak kanporatuko dituzten organoetara garraiatzen ditu; benetan zehar eskuin aurikulara itzultzen da atzera. Ibilbide horretan porta benak zirkulazio-sistema berezia du, odola heste-kapilareetatik gibelera eramaten baitu. Odol-presioa arterietan da handiena, kapilarretan txikiagoa eta baliorik txikiena berriz, benetan du. Benetako odola bihotzera itzultzen laguntzeko, muskuluen uzkurdurak eragindako ponpaketa-sistema osagarriaz gain, benen paretek balbula txikiak dituzte odolari atzera itzultzea galarazten eta bihotzera itzultzen laguntzen diotenak. Zirkulazio-sistema osoa elastikoa da: zainak, nola arteriak, hala benak, zabaldu nahiz uzkurtu egin daitezke. Une jakin batean lan gogorra egiten duten organoak geldirik daudenak baino odol-kopuru handiagoz automatikoki hornituak geratzen dira. Organo baten hodi-sarea odol gehiago hartzeko zabaltzen denean, beste bat uzkurtu egiten da zirkulazio-sisteman odol-bolumena aldagaitz mantentzeko.
Atzera