zirrosi

iz. MED. 1. Edozein organoren hantura interstizial kronikoa. 2. Organoaren fibrosia dakarren endekatze-prozesua. Ohizkoena gibelekoa da.
Gibeleko zirrosia XVIII. m.an Morgagnik eta XIX. m.an La'nnec-ek deskribatu zuten. Gibelaren egitura normala galarazten duen gaitza da, kronikoa eta sendaezina, nahiz eta tratamendu egokiarekin gaixoak oreka biologikoa mantentzea lortu den. Zirrosi hepatikoan gibela gogortu bezala egiten da, ehun konektiboa behar baino gehiago ugaritu delako; orduan gibeleko zelulen gutxiegitasuna eta porta benako hipertentsioa sortzen dira. Gaitza nahikoa arrunta da, edozein adinetan ager daiteke, baina batez ere 40-50 urteen artean izaten da. Kausa arruntenak alkoholismoa eta hepatitisaren birusak dira. Gehienetan sintomarik gabeko latentzi aldi luzea izaten du eta ondoren ager daitezkeen sintomak honako hauek dira: digestio-hodiko odoljarioa (hestegorriko barizeengatik, duodeno nahiz urdaileko ultzeragatik edo mukosaren lesio akutuagatik), ikterizia (behazun-hodien konpresioagatik nahiz gibeleko zelulen gutxiegitasunagatik), aldaketa endokrinoak, bakterioengatiko infekzioak, aszitisa, gibel-entzefalopatia eta dispepsia (abdomeneko mina, haizadura, bihotzerrea...). Bukaerako fasean koma hepatikoa gertatzen da. Gaixo zirrotikoek alkohola edatea guztiz debekatuta daukate eta fruta eta barazki ugariko dieta ezartzen zaie, gibela babesteko medikamentuak emateaz gain.




Atzera