Azkoitia
Gipuzkoako udalerria, Izarraitzen magalean eta Urola ertzean (Urola-Kostaldea); 10.470 bizt. (azkoitiarrak). I-an Deba, E-an Azpeitia, H-an Zumarraga eta Antzuola eta M-an Bergara, Elgoibar eta Mendaro ditu mugakide. Baso ugari dago. Abeltzaintza (behi-aziendak), industria (altzarigintza, zurgintza, metalurgia) eta merkataritza dira udalerriko ekonomi jarduera nagusiak. Lanean ari den populazioaren erdiak baino gehiagok industrian dihardu eta herenak inguru zerbitzu-sektorean. 1960.eko hamarkadako industri garapenak eragindako inmigrazioaren ondoren (1950ean 7.714 biztanle eta 1975ean 10.839 zituen), ondorengo urteetan biztanle-kopurua pixka bat murriztu da, 1991n 10.470 biztanle izatera iragan delarik. Historia. Historiaurreko hainbat aztarna aurkitu dira udalerrian. Azkoitiaren sorrera, Azpeitiarena bezala, Iraurgi ibarrari lotuta dago. 1027an aipatzen da lehen aldiz Azkoitia, San Martin Iraurgikoa izenaz, herria izen horretako baselizaren inguruan garatu baitzen. 1324an hiribildu-titulua eman zion Alfontso XI.a erregeak eta 1331n San Martin Iraurgikoa hiribilduko biztanleek berek eskaturik, Miranda Iraurgikoa izeneko lekuan hiribildua eraikitzeko baimena eman zien. Beraz, Azkoitia hiribildua bi aldiz fundatua izan zen. Bigarren izen horrek XV. mendera arte iraun zuen, aurrerantzean Azkoitia izena baino erabili ez zelarik. Azkoitiarrek pribilegio asko izan zituzten, errege-erreginek emanak. XV. mendean muga-arazoak izan zituen Bergara eta Azpeitiarekin, akordioak adostu zituzten arte. 1436, 1545 eta 1654an suteak izan zituen. Ilustrazioaren garaian, 1763an, Peņafloridako kondearen eraginez, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen sortze-agiria sinatu zen Azkoitian. 1766an aduanak Ebro ingurutik kostaldera eramatearen aurka piztutako matxinadan parte hartu zuen herriak. Artea. Santa Maria La Real eliza XVI. mendekoa da. Hiru nabe eta zortzi koloma doriar ditu. Erdiko nabearen ganga petxina gaineko kupulez osatuta dago eta alboetako gangak arku beheratukoak dira. Aldare nagusiko erretaula 1660an egina da. Santa Krutz ermita Izarraitz mendiaren magalean kokatuta dago. Eraikuntza honen berri XV. mendeko agirietan jadanik agertzen da. Gaur egun duen itxura, berriz, XIX. mendean eman zitzaion. Komentuko erretaula nagusia barrokoa da, XVIII. mendearen hasierakoa; ustez, bertako moja batek diseinatu eta egina. Baldako dorretxea izen bereko bandokide-familiaren eraikuntza zibila da. Enrike IV.aren aginduz dorrea bota egin zuten (1456), baina Balda familiak berreiraki egin zuen. Monumentu izendatuta dago. Pedro Zuazolak eraikitako Floreaga jauregi errenazentista XVI. mendean eraiki zen eta estilo mudejarreko elementuak ditu. Monumentu izendatuta dago. Intxausti jauregia Peņafloridako kondearen aginduz XVII. mendean eraiki zen; estiloz barrokoa da. Bertan sortu zen Euskalerriaren Adiskideen Elkartea (1763). Monumentu izendatuta dago.
Atzera