Luther, Martin

Teologo eta erlijio-erreformatzaile alemaniarra (Eisleben, 1483-1546). Apaiz agustindarra zen. Salbamenaren arazoak kezkatuta, bere buruari hildura zorrotzak ezarri zizkion. Ordenak Wittenberg-era bidali zuen (1511) eta San Pauloren gutunen exegesia irakatsi zuen hango unibertsitatean (1513-16). 1517an 95 tesi zintzilikatu zituen Wittenbergeko elizako atean, indulgentzien trafikoaren aurka. Tesi horiek izan ziren Erreforma protestantearen abiapuntua. Gero, bere iritziei eutsi zien, aita santuaren subiranotasuna ukatu eta Kontzilioa eskatzen zuen bitartean, Elizaren erreforma bultzatzeko; polemika horretan hiru liburuxka idatzi zituen (1520): Noblezia alemaniarrari (aitasantutzaren subiranotasuna ukatzen zuena), Babiloniako gatibualdia (sakramentuei buruz) eta Kristauaren askatasunaz (Elizari buruz). Aita santuak eskumikatu egin zuen (1521). Worms-eko dietan (1521) ez zien bere ideiei uko egin nahi izan, horrela enperadorearen kondena pean jarriz; hala ere, Saxoniako Hautesleak babesa eman zion. Wittenbergera itzulirik (1525), Katharina von Borarekin ezkondu zen eta bere erreforma-mugimendua egituratzeari ekin zion. Katolizismoaren, nekazarien iraultza sozialen, argieginen eta anabaptisten eta bere erreformari norabide berri bat eman ziotenen aurka borrokatu zen. Erreforma protestantea oinarritzeko obrak idazteaz gain, Biblia osoa itzuli zuen alemanera (1521-34).



Atzera