Maule (familia)

Erdi Aroko familia, jatorriz Maulekoa (XIII-XIV. m.). Mauleko jaunak eta, aldi berean, Zuberoako bizkondeak izan ziren 1307 arte. - Oger (? - 1318). Zuberoako azken bizkondea, Raimundo Gilermo V.aren seme eta ondorengoa. Biarnoko kondeak gaztelua hartu zuenean, Oger-ek errege ingelesaren kondea salatu egin zuen. Zuberoara itzuli, gerrari ekin eta seneskalari ihes eragin zion. Nafarroa eta Frantziako errege Felipe Ederrak Akizeko jaun izendatu eta Zuberoako lurrak berreskura zitzan lagundu zion (1294). Luis I.a Setatiari eman zion Zuberoako bizkonderria eta, ordainetan, erregeak Arradako gaztelua eta Nafarroako hainbat tokitako errentak eman zizkion (1307). - Oger. Irulegiko gazteluko alkaidea izan zen (1356); Nafarroako errege Karlos II.arekin Normandiako kanpainan parte hartu zuen (1357). - Oger. Erregearen txanbelana, Godofredo mariskalaren agindupean Aragoiko erregearen laguntzan Balaguer-era joan zen (1413). Maria Gebararekin ezkondu zen; Karlos III.ak Oko, Granada (Mendazako lekua) eta Etaiuko errentak eman zizkion. - Karlos, aurrekoaren semea. Nafarroako Blanka erreginak Orkoien, Atondo, Murko (Itza zendeako lekua) eta Errozko errentak eman zizkion (1446). - Tristan, aurrekoaren semea. Aitonak eskuratutako Oko, Etaiu eta Granada Fernando Bakedanori saldu zizkion (1497).



Atzera