Milan

Italiako IM-ko hiria, izen bereko prob.ko eta Lonbardiako hbru.; 1.358.627 bizt. eta 4 milioi inguru aldiriak barne; Italiako bigarren hiri handiena eta industrigune, merkataritza- eta finantza-gune nagusia da. Kokapen geografiko egokia, kultur ekintza interesgarriak eta monumentuak direla eta, turismo-hiri bilakatu da. Eliza paleokristauak (IV. m.ko San Anbrosio eliza lonbardiarra), Erdi Arokoak (San Eustorgio); marmol zurizko katedral gotiko handia (1386an eraikitzen hasi eta 1813an bukatu zuten); Errenazimentuko monumentuak (Santa Maria delle Grazie eliza eta klaustroak, Sforzatarren gaztelua, XV. m.koa; Marino jauregia, 1558koa) eta La Scala antzokia (XVIII. m.). Halaber, Pinakoteka eta Liburutegi Anbrosiotarra, Brera jauregiko pinakoteka, Nazioarteko Arkitektura-museoa, Zientzia eta Teknikako Leonardo da Vinci Museo Nazionala.
Historia. K.a. ~400ean fundatu zuten galiarrek. K.a. 222an erromatarrek hartu zuten eta Italiako elizbarrutiko hbru. eta erlijio-metropolia izan zen. Hunoek (452), ostrogodoek (539) eta lonbardiarrek (569) arpilatu zuten. IX. m.an jauntxo, zaldun eta burgesen arteko borrokek hiria suntsitu egin zuten. 1183an independente bilakatu zen. Italiako (1805-14) eta lonbardiar-veneziar (1815) erresumetako hbru. izan zen. 1861ean Italiako erresuman sartu zen.




Atzera