lonbardiar

adj. eta iz. 1. Lonbardiako herritarra; Lonbardiari dagokiona. 2. Ekialdeko germaniarren taldeko herri bateko kidea; herri horri dagokiona.
Lonbardiarrak Oder eta Elba ibaien artean (I.m.) eta gero Danubiotik hegoaldera bizi ziren (II. m.). IV. m.an migratzen eta hedatzen hasi arte, artzaintzari emandako herria izan zen. V.m.aren amaieran Panonian hartu zuten egoitza nagusia eta heruloen erresuma suntsitu zuten. Abaroekin bat eginik, gepidiarren erresuma birrindu zuten 567an. Italian indarrez sartu eta hainbat dukerri hartu ondoren, 572an estatu bat sortu zuten. Hogeita hamarren bat dukerri eta konderri ezarri zituzten arren, bizantziarrak ziren nagusi itsasbazterretan eta Ravenna inguruan, eta lonbardiarrek ezin izan zuten hiri hori hartu 751 arte. Italiako hegoaldea eta Sizilia ez zituzten inoiz hartu. Lonbardiarren buruzagirik handiena izan zen Liutprando erregeak (712-744) Pentapolisko hiriak erasoan hartu zituenetik arriskua hurbiltzen ikusita, aita santuak frankoak hartu zituen lagun eta aliatu 754an. Frankoen errege Pepin Laburrak bi espedizio handi egin behar izan zituen Aistulfo lonbardiarra menperatzeko. Hala eta guztiz ere, lonbardiarrek Erroma erasotu zuten 772an, baina Karlomagnok menperatu egin zituen. Lonbardiarren errege Desideriok amore eman behar izan zuen eta Lonbardiako errege-titulua beretzat hartu zuen Karlomagnok, lonbardiarren burdinazko koroa preziatua eta ospetsua jantzirik. Salerno eta Beneventoko dukerriek, ordea, independente izaten segitu zuten eta dinastia lonbardiar batek 1047ra arte agindu zuen Beneventon, normandiarrek konkistatu zuten arte hain zuzen.




Atzera