alkate

iz. Udal bateko burua, udal-batzarraren lehendakaria. alkate-soinu. Txistulariek eta okasio handietan jotzen dituzten minuetoei ematen zaien izena.
Garai batean Euskal Herriko alkateak epaile ere baziren neurri batean (arabierazko al-kadi hitzak epaile esan nahi du): botere legegile eta betearazleaz gain, epailetza ere bere esku zuten. Alkate arrunten agintaritza hiri, elizate eta hiribilduetara mugatzen zen. Gortean bizi ziren alkate nagusiek aldiz, bailara edo eskualde baten ardura administratibo eta judiziala zuten. Gaur egun, udal-barrutiko administrazio-aginte hutsa du alkateak Hego Euskal Herrian eta horren pareko den auzapezak Iparraldean.
Franco hil ondoko lehen urteetan Hego Euskal Herriko hainbat alkatek "alkateen mugimendua" eratu zuten, alderdi politikoen hutsunea betetzeko asmoz eta euskal herritarren eskubideen eta askatasunaren defentsarako; 1976-1977 urteetan bereziki biziki jardun zuen, lehen hauteskunde demokratikoak burutu ziren arte. Talde-ekintza nagusietakoa 1976ko uztailaren 21ekoa izan zen Bergaran; Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiari foruak kendu zitzaizkienetik ehun urte betetzean, Euskal Herriko kontzentrazio handia egin zen herrian, eta bertan aldarrikatu eta sinatu zuten Euskal Herriaren eskubide historikoen aldeko manifestua, euskararen ofizialtasuna, amnistia orokorra eta autonomi estatutua eskatuz aldi berean.
Hego Euskal Herrian nahiz Iparraldean udal-hauteskundeetan ez dute herritarrek alkatea zuzenean aukeratzen; zinegotziek edo kontseilariek aukeratzen dute, 6 urterako Iparraldean eta 4 urterako Hegoaldean.
Hego Euskal Herriko alkateen eginkizunak 1985eko erregimen lokaleko legean daude finkatuta; horren arabera, berari dagokio udalaren ordezkaritza eta administrazioa, udalaren osoko batzarraren deia eta buruzagitza, gobernu-batzordearen buru izatea, udaltzaingoaren buru izatea, bandoak ematea, etab. Antzeko eskumena du Iparraldeko auzapezak ere; baina udaleko burua izateaz gain, estatuko agentea da zenbait gauzatarako: prefetaren menpean, estatu zibileko ofiziala eta polizia judizialeko ofiziala da, hain zuzen ere; Hegoaldean ere alkateak baditu estatu-agentearen eginkizunen batzuk: soldadugaien alistatzea eta hauteskundeetako zerrendak, adibidez.




Atzera