arto

iz. 1. BOT. Gramineoen familiako landare belarkara eta urterokoa, bere haziarengatik landatzen dena. Zurtoina tentea eta lodia, eta hostoak handiak eta lantza-formakoak dira. Lore arrak muturreko panikulutan eta emeak galtzarbeko buruxkatan egoten dira. Buruxka (artaburua) espata deritzen braktea handi batzuez inguratua egoten da. Estigmak brakteetatik kanpo irteten dira artabizarrak eratuz (Zea mays). 2. Delako landarearen alea, gorri edo hori kolorekoa eta leuna dena. 3. Artirinez egindako ogia. Arto-puska bat janaritzat. 4. (zah.) Artatxikia. arto beltz. Poligonazeoen familiako landare belarkara, ogi beltza eta pentsua egiteko erabili izan dena (Fagopyrum esculentum).
Artoa, gariarekin eta arrozarekin batera, gizakiak landutako laborerik garrantzitsuenetakoa da. Hegoamerikan du jatorria eta, dirudienez, europarrak kontinente hartara iritsi baino milaka urte batzuk lehenagotik lantzen zen. Labore honek beroa eta hezetasuna behar ditu, baina hobekuntza genetikoei eta hibrido gogorrak lortu izanari esker, eskualde epel anitzetan sartu ahal izan da. Munduko arto-ekoizlerik handienak Estatu Batuak, Mexiko, Txina, Brasil eta Danubio ibaiaren arroko herrialdeak dira.
Aziendentzako elikagai gisa erabiltzen da nagusiki, bai zuzenean eta baita pentsuak fabrikatu eta haiek jateko emanez ere. Industrian almidoia, irina eta olioa ekoizteko erabiltzen da.




Atzera