auzitegi

iz. ZUZ. Lurralde jakin bateko auziak erabakitzen dituen organoa; haren egoitza eta eraikina. Auzitegi Goren. Estatu bateko erakunde judizialaren gailurrean dagoena. || Auzitegi Konstituzional. Estatu bateko konstituzioaren interpretazioaz arduratzen dena. || Auzitegi Nagusi. Espainiako estatuan, komunitate autonomo bakoitzeko erakunde judizialaren gailurrean dagoena. || Kontu-Auzitegi. Estatuko gestio ekonomikoaren fiskalizatzailea.
Legeria ezerezean geldituko litzateke legeak betearazi eta bakoitzari dagokiona objektiboki emateko organorik ez balego; organo hau justizi auzitegia da. Estatuak justizia administratzeko duen ahalmena, hau da, eskumena, justizi auzitegien bitartez gauzatzen da. Auzitegia pertsona bakar batez edo pertsona-multzo batez osatua egon liteke; hauek benetako justizia egingo dute estatuko botere exekutiboarekiko independente diren neurrian. Antolamendu judizial modernoaren arabera, auzitegi guztiak estatuarenak, iraunkorrak (hau da, gobernu-aldaketaren eraginik ez dutenak) eta independenteak (hau da, justizian dihardutenek epaian eragina izan dezakeen jarduerarik ezin dute burutu) dira. Lurralde bakoitzeko antolaketa judizialaren egitura desberdina da; berau teknika judizial desberdinen eta bertako ezaugarri sozio-kulturalen arabera legoke. Munduko herrialde gehienetan sistema judizial hierarkizatua da nagusi; maila desberdineko auzitegiak (udal-, eskualde-, lehen instantziako, lurralde-auzitegiak) daude, baina guztien gainetik Auzitegi Gorena dago. Honek beste auzitegien erabakiak erreboka ditzake, baina berak hartutakoak apelaezinak dira.




Atzera