behi
iz. 1. Bobidoen familiako ugaztun artiodaktilo hausnarkaria, gorputza sendoa eta adarrez hornitutako buru handia dituena. Bere haragi, esne, larru, etab.engatik hazten da (Bos taurus). 2. Abere horren eme heldu eta umatua.
Txahala behi izan aurretik bigantxa eta biga izaten da; biga, umatuz gero, behi izatera pasatzen da. 2-3 urte bitartean izan ohi du lehenengo umaldia. Umaldiak 285 egun inguru irauten du eta behia emankorra den aldian urtean behin gera daiteke ernari (elikadura eta higiene-baldintzak egokiak badira).
Gorputza sendoa, adarrez hornitutako buru handia, hanken amaieran bi apatx eta hausnarketarako egokitutako hortzeria dute behiek. Asko garatutako usaimena eta entzumena daukate, baina ez dute oso ondo ikusten. Kolorea, errapearen tamaina, gorputzaren forma, larruaren ezaugarriak, etab., arrazaren arabera aldatu egiten dira. Zuhain, belar eta saralez elikatzen dira batik bat, nahiz eta garapen-fase jakinetan (umaldietan batez ere) pentsua ere eman ohi zaien. Ur asko behar izaten dute, bereziki udan. Animalia baketsuak eta etxekotzen errazak dira eta beren kasa dabiltzanean (belardi eta mendietan) taldetan biltzen dira.
Esne-ekoizle handia eta haragi-ekoizlea garrantzitsua da behia; zuhaina ugari eta klima-baldintza egokiak izanez gero errentagarri izan liteke.
Azken urteotan, eta aurrerapen genetikoei esker, hobekuntza handiak lortu dira arraza eta espezie onenak gurutzatuz. Esne-ekoizleen artean arrazarik onenak Ingalaterrako Guernsey, Eskoziako Ayrshire, Jersey uharteko izen bereko arraza eta, batez ere, klima epeletara ondo egokitzen diren behi frisiar eta holandarrak dira. Haragi-ekoizleen artean Hereford eta Shorthorn arraza ingelesak eta Aberdeen-Angus arraza eskoziarra dira aipagarrienak. Haragitarako zein esnetarako onenak behi suitzarrak dira, ingurunera hobekien egokitzen direnak ere horiexek direlarik.
Behiak, esnea eta haragiaz gain, beste hainbat produktu ere ematen ditu, hala nola, larrua, gorotza eta lana.
Zenbait mitologia eta erlijiotan, esaterako Egipton eta Indian, sinbologia handiko animalia izan da. Gaur egun, oraindik ere, indiarrek animalia sakratutzat daukate.
Atzera