ermandade

iz. 1. HIST. Erdi Aroan, agintari edo handikien bidegabekeria edota bestelako arazoei aurre egitearren eratutako herrien arteko konfederakuntza. 2. ZUZ. Era guztietako interesak (ekonomikoak, merkataritza-arlokoak, profesionalak, sozialak) babesteko produkzio-adar edo profesio bateko elkartea. 3. Ik. kofradia.
HIST. XII. eta XIII. mendeen artean agertu ziren lehen ermandadeak Gaztelan eta Leonen. Euskal Herrian XIII. mendearen azken aldian eta ondorengo mendeetan herrialde bakoitzeko nahiz herrien arteko ermandadeak eratuz joan ziren. Arabako herri batzuk Gaztelako ermandadeetan parte hartu zuten. 1458an eratu zen funtsean Arabako ermandadea, aurretik eratuak ziren herrien arteko ermandadeekin; gerora zabalduz joan zen eta 1537an 54 ermandade ziren, 6 koadrillatan bilduta; helburuak aldatuta, bizirik diraute gaur egun ere Arabako ermandadeek, 1979an horien berrantolaketa berria egin ondoren (18 ermandade 7 koadrillatan banatuta). Gipuzkoan probintziako ermandadea 1397an eratu zen, lehenagotik funtzionatzen zuten beste mota bateko ermandade txikiagoen gain; "alkateek" (epaileek) betetzen zuten ermandadearen funtzio nagusia: hasieran 7 ziren lurralde osorako; Errege Katolikoek beste baten eskubidea eman zion Oiartzuni. Antzeratsu eratu zen Bizkaiko ermandadea ere XIV. mendearen azken aldera, eta zazpi "alkate" izan zituen XVI. mendera arte. Lapurdin ere hegoaldekoen irudira eratu zuten bertako ermandadea 1396an; lapurtar guztiak zeuden ermandadearekiko leialtasuna zin egitera behartuta, 14 urte betez gero. Nafarroan "junta" izena hartu zuen batzuetan ermandadeak, eta horietako aurrena XIII. mendearen hasieran jaio zen, Aragoiko eta Nafarroako mugako herrien arteko justizi kolaboraziorako; horren arabera beranduago (1364ean) beste bat sortu zen Nafarroako eta Gipuzkoako eta Arabako herrien artean. Bestelako ermandadeak ere eratu ziren erresumaren lurretan (Obanoskoa, etab.), batzuetan erregeek beraiek bultzatuta.
Aipatzekoa da 1296an Euskal Herriko hainbat herrik, Santanderko zenbaitekin batera, eratutako Kantauriko ermandadea; bertan partaide izan ziren Gasteiz, Urdializ, Santander, Laredo, Bermeo, Getaria, Donostia, Hondarribia eta Urduņa. Segurantza baino gehiago, helburu ekonomikoak zituen ermandade horrek; hain zuzen ere, Gaztelako monarkiak ezarri nahi zien zerga berri baten kontra borrokatzeko eta bestelako beren agizko interesak defendatzeko eratu zen.
Bestelakoak izan dira nekazarien arteko gremio-ermandadeak Euskal Herrian, orain dela gutxi arte oso indarrean iraun dutenak, bereziki ganaduen asegurutakoak edota suteen kontrako asegurutakoak (suaroa). Maiordomoa izan ohi zen ermandadearen burua.




Atzera